Ziztada, jai hauetako amesgaiztoa

Jon Ander Ubeda 2022ko uzt. 31a, 14:18

Beldurra zabaldu da egun hauetan Santio jaietan, eta atzokoan tentsio handiko uneak bizi izan ziren. Sexu erasoak izan dira egunotan eta erasoen aurkako protokoloa behin baino gehiagotan aktibatu behar izan dute. Kalean beldurra zabaldu da, eta ziztadena mehatxu berri bezala antzematen da. Testuinguru horretan egoera oso nahasia da, eta horrek eragin zuzena izan du jaietan. 

Europan eta Euskal Herrian zabaltzen ari den joera da, eta azken egunetan alarma gorria piztu da. Ertzaintzak oharra argitara eman du, hainbat zehaztapen egiteko: “Ertzaintza 12 ziztada ikertzen ari da azken hamabost egunetan Santurtziko, Bilboko, Gasteizko, Zarauzko, Etxebarriko eta Zierbenako jai-esparruetan eta gaueko aisialdi-guneetan erregistratutako emakumeei. Kasu horiek dira, gaur, uztailak 31, igandea, osasun-langileek ziztada gisa kontrastatu dituzten bakarrak, baina horietako bakar batean ere ez da aurkitu, oraingoz, substantzia toxikorik inokulatu izanaren arrastorik”.

Ertzaintzak prozedura zein izaten ari den azaldu du: “Kasu guztiak antzera gertatu dira: biktima jai giroan edo gaueko aisialdian zegoen bitartean, ziztada bat nabaritzen du, besoan edo hankan batez ere, eta ondoren ondoezik sentitzen hasten da (zorabioak, logura, etab.). Asistentzia-puntu edo -zentro batera joaten da osasun-langileek azter dezaten, eta hark baieztatzen edo baztertzen du ziztada hori. Baieztatzen bada, analisi toxikologikoak egiten zaizkio, eta orain arte ez du inolako substantziarik positibo eman”.

Ertzaintzaren hipotesien arabera, ziztadek ez dute zergatik sexu-erasoekin harremana izan behar: “Ziztada horien motibazioa, intentzionalitatea edo helburua ere ez da ezagutzen. Hori dela eta, ez da hipotesirik edo ikerketa-lerrorik baztertzen, baina Ertzaintzak, oraingoz, ez du uste sexu-askatasunaren aurkako edo bestelako delitu batekin zerikusia duenik”.

Ertzaintzak, azkenik, honako aholkuak zabaldu ditu:

  • ”Zure gorputzeko guneren batean ziztada edo hanka-sartze bat sentitzen baduzu eta ondoezik sentitzen bazara, jakinaraz iezaiozu berehala gertuen duzun inguruneari eta eska ezazu laguntza”.
  • ”Jar zaitez harremanetan SOS Deiak 112 Larrialdiei Aurregiteko Zerbitzuarekin, eta jakinarazi zer gertatu den. Horrela, Ertzaintzari eta udaltzaingoei jakinaraziko zaie, eta inguruko polizia-baliabideak zurekin harremanetan jarri ahal izango dira, datu objektiboak biltzeko eta egileak identifikatzeko”.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!