Aurreskua eta bertsoak atzoko, gaurko eta etorkizuneko Erniozaleen omenez

Jon Ander Ubeda 2022ko uzt. 31a, 16:17

Erniozaleak elkarteak 25 urteko ibilbide oparoa osatu du, mendiari lotutako hainbat herrikideren bilgune bilakatuz. Gaurkoan, goiz lanbrotsuan, ekitaldi xumea bezain ederra antolatu dute. Lehenik, Ernioko gurutzean. Eta, segidan, Zelatunen.

Urte guztiotako lana ez da oharkabean igaro: gurutze nagusia iraunarazi, azpiko borda berreraiki, ibilbide-sorta sendotu, haurrekin irteerak antolatu eta liburu bikaina argitaratu. Bada beste aldagai garrantzitsuagoa, Erniozaleak elkarteko kideentzat iraungitze datarik ez duena: Komunitatearen alde egin duten lanaren bidez euren artean sortu den betiereko laguntasuna. 

Ekitaldia Ernion

Ixidro Lertxundi aiarrak egin du aurkezle lana. Gogoan hartu ditu 1947an gurutzea altxa zutenak, euren meritua gurutzea altxatzea baina harago joan zela azpimarratzeko. Ingurua bera zaindu zutelako, mimoz. Gogoan hartu ditu Erniozaleak elkarteko kideak, eta baita bertan izan direnak ere.

Erniozaleak elkarteko kide den Mikel Maiz asteasuarrak agurra dantzatu du, Nerea Goikoetxea txistularien esanetara. Eta saioari amaiera emateko Haritz Mujika Asteasuko bertsolariak hiru bertso abestu ditu.

Ospakizuna Zelatunen

Musika eta dantza saioa izan da Zelatunen. Hara iristerako Erniozaleen postutxoa ipinita zegoen, sardin-erreak banatu baitituzte. Amaia Agirrek eta Haritz Mujikak bigarren bertso saioa eskaini dute.

Aldarrikapenerako tartea izan da. Izan ere, Ezkeltzu gainean egin nahi duten zentral eolikoaren aurkako afitxak banatu dituzte.

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!