Erremontea

Imanol Ansak eta Endika Barrenetxeak finalerdia jokatuko dute larunbatean

Aiurri 2022ko abu. 31a, 11:40

Erremonteko buruz buruko txapelketako finalerdia larunbatean jokatuko da, Galarreta frontoian arratsaldeko 16:30etik aurrera. Atzo egin zuten pilota aukeraketa; bakoitzak hiru pilota hautatu zituen.

Barrenetxea izan zen pilotak aukeratzeko kantxaratu zen lehena; honek 127 gramoko bi pilota eta 129 gramoko bat aukeratu zituen. Ansak 128 gramoko bi pilota eta 127 gramoko bat aukeratu zituen.

Atzelari hernaniarrak material biziagoarekin jokatzea erabaki zuen, eta Ansak, berriz, motelagoak aukeratu zituen. Urnietarrak piloteoa bilatu ohi du, eta Barrenetxeak aurkaria atzeko koadroetan jartzeko ohitura du.

Aukeraketa amaitzean, bi pilotariak pozik geratu ziren aurkitu zuten materialarekin. "Denetarik zegoen", adierazi zuen hernaniarrak, eta Ansak berretsi egin zuen. Saskian 50 pilota aurkitu zituzten, Kike Elizalde intendenteak ezarrita.

Finalera joan nahi?

Erremonteko finalerako sarrera zozketatuko ditu Aiurrik. Aurki iragarriko ditugu zozketan parte hartzeko nondik norakoak eta eman beharreko pausuak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!