Helduen hezkuntza eskolak eskaintza zabala du Aiztondo bailaran

Irune Alfonso 2022ko ira. 5a, 13:24

Tolosaldeko helduen hezkuntzak bi egoitza ditu eskualdean, bata Tolosan dago kokatua eta bestea Villabonan. Villabonako egoitza Aiztondo bailara osoari dago bideratua eta eskaintza zabala eskaintzen du. 2022-2023 ikasturterako izen emateko epea zabalik da jada, eta Aiurrik bertako irakasleak diren Ander Leon eta Olga Villarekin hitz egiteko aukera izan du. 

Villabonako Helduen hezkuntza eskolaren helburu soziala zein da?

Ander Leon: Bere garaian Ikasi ezin izan zuten helduei, ikasteko nahirik izan ez zuten helduei edo gaur egun euren bizitzan edo lanean hobekuntza bilatu nahi dutenei ikasteko aukera ematea da helburua. Bi ikasketa mota daude hemen; arautua eta ez arautua.

Arautuari dagokionez, derrigorrezko bigarren hezkuntzako (DBH-ko)titulua lortzera dago bideratua. Talde anitza sortzen da bertan. Asko euskal herritarrak dira eta zuzenean titulua lortzeko helburuarekin etortzen dira, beste batzuk aldiz, beste herrialde batzuetatik datoz eta hauek pertsona letragabeak izaten dira. Hutsetik hasi behar dute hizkuntza ikasten; irakurtzen, idazten...

Ez arautuari dagokionez aukera desberdinak daude. Etorkinei zuzendutako gaztelania dago; "español para extranjeros" deiturikoa. Talde honetan, euren herrialdean ikasketak burutu dituzten pertsonak egoten dira. Euskara hizkuntza ikasteko aukera dago, eta bestetik, unibertsitateko sarbide proba prestatzeko aukera. Azken talde honetan, 25 urtetik gorako pertsonek hartu dezakete parte, honek unibertsitateko ateak eta goi mailako ateak zabaltzen dizkiete ikasleei.

Gainera, orientazio zerbitzua jasotzeko aukera dute gure ikasleek. DBH-ko titulua lortu ondoren edo unibertsitatea aukeratzeko orduan aukera zabala dago Euskal Herrian, horregatik, orientatzailea dugu ikasleei laguntzeko. Orientatzaileak beste herrialdeetako tituluak homologatzeko laguntza ere eskaintzen du.

Nolako taldeak sortzen dira?

A.L.: Latinoamerikarrak, afrikarrak, euskaldun gazteak eta helduak... DBH-ko titulu honek, ondoren, lanbide heziketa egiteko eta oposizioak egiteko aukera ematen du, hortaz askotariko jendea elkartzen da hemen. Bestetik, helburu zehatzik ez duten ikasleak ere izaten ditugu; euren garapen pertsonalari begira ikasteko gogoz etortzen direnak hain zuzen. 

Olga Villa: Malguak izaten gara taldeei dagokionez, lanbide batzuetan txandaka egiten da lan, aste batzuetan goizez eta beste batzuetan arratsaldez egokitzen zaie lan egitea, honenbestez, Helduen hezkuntza eskolako ikasleek aukera dute aste batzuetan Tolosan zerbitzuak jasotzeko eta besteetan Villabonan jasotzeko.

Zergatik da interesgarria adin batera iritsi eta ikasten jarraitzea?

A.L.: Bi arrazoi aipatuko nituzke nagusiki; alde batetik arrazoi laborala edo garapen profesionalagatik, lanbidez aldatu nahi izaten delako edo lanean hobetzeko aukera sortzen delako. Eta bestetik, garapen pertsonalerako, ezagutza eta jakintza gehiago lortzeko. 

O.V.: Aldi berean, harremanak zabaldu egiten dira, harreman berriak sortzen dira eta hori ere oso aberasgarria izaten da. Lehen aipatu bezala, talde anitzak sortzen direnez horrelako eremuetatik kanpo sortuko ez liratekeen harreman bereziak ikusten dira.

Zergatik uste duzue orduan horrelako zentroek aurrera jarraitu behar dutela?

A.L.: Orain arte aipatutako guztiagatik. Ohiko hezkuntza sistematik kanpo geratzen den gizarte sektore handi bat dago eta horiei ere aukera bat eman behar zaie. Hezkuntza sistema gazteei begira, gazteei zuzendua dago eta behin hori amaituta ez dago ia aukerarik. Helduen hezkuntza eskolaren bitartez gizarte talde handi bati aukerak zabaltzen zaizkio. Nabarmendu nahiko genuke aukera hau ehuneko ehun doakoa dela eta hemendik irten diren ikasleak oso pozik atera direla.

 

Harremanetarako: 

Villabona:943690312

Tolosa: 943672660

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!