"Kirolean plangintza pertsonalizatuaren kultura falta zaigu"

Xabier Lasa 2022ko ira. 21a, 06:54
Saio Benitezek saioreka zentroa Adunako Elbarrena auzoan dagoen Galarraga baserrian ireki berri du.

Saioa Benitezek kirol prestakuntzarako aretoa ireki du Adunan, Galarraga baserrian. Saioreka metodoa asmatu du, gorputzaren hainbat atal lantzeko sortutako plangintza pertsonalizatua.

Saioreka metodologia eskaintzen duzu. Zertan dantza?

Eguna zeharo okupatua daukagu, estres batean bizi gara ezertarako denborarik gabe. Bizimodu horrekin, mugatua daukagu ordutegia, ezinezkoa zaigu bi edo hiru gimnasio edo zentroetara joan, orain flexibilitatea lantzera, gero indarra edo erresistentzia lantzera, hurrena azkartasuna latzera… Saioreka metodoa ez da ekuazio matematiko bat. Besterik gabe, nik entrenamendu plangintza bat prestatzen dut teknika eta ariketa sortaren bidez, kirolari bakoitzarekin pertsonalizatua, lehen aipatutako alderdi guztiak lantzeko asmoz. Gorputzaren osasunean oreka lortzea da helburua, azken batean. 

Zer dela eta Adunan zentroa irekitzeko apustua?

Kirolaren arlo honetan ez diot mugarik jarri nahi nire irudimenari, buruan beti eduki izan ditut ideiak entrenamenduak egiteko moduak berritu edo asmatzeko asmotan. Hogei urtetik gora daramat klaseak ematen, eta entrenatzeko metodologietan sakontzen aritu izan naiz etengabe, zertan hobetu litekeen emaitzarik onenak lortzeko.  

Entrenamendu pertsonalizatuaren arloan, urte hauetan ohartu naiz geure bailaran ez dagoela halako premiari erantzungo dion zentrorik. Alegia, ariketa fisikoa eta kirola egunerokoaren parte dituen jendeak apenas daukala bere entrenamenduak antolatzeko orduan orientatuko duen gidari profesionalen eskaintzarik. 

Gauzak horrela, bikotea eta biok Adunako etxera bizitzera etorriz geroztik, bertan zentroa irekitzeko aukera sortu zait, eta irailean bertan murgildu naiz abentura honetan. Ilusioz beterik ekin diot egitasmoari.

Kirola dibertigarria izateari garrantzia ematen diozu.

Dibertigarria ez den kirola ez dela bideragarria, ez duela egonkortasunik ematen denboran iruditzen zait; filosofia horretan sinesten dut. Ez bazara gogoz kateatzen ekintza horretara, goiz ala berandu aspertu egingo zara, eta utzi egingo duzu. Ariketa eta ekintza motibatzaileak egin behar dituzu, entrenamenduz entrenamendu zure gorputzaren eta buruarekin hobe sentitzea eragingo dizutenak, jai duzu bestela.  Horretarako, taldean jardutea ere lagungarri gerta ohi da, aintzat eduki behar baitugu gizaki sozialak garela, eta gogokoa dugula beste pertsonekin asebetetzen gaituzten ekintzak egitea. Gozagarria egiten zaigu zaletasun bat espazio jakin batean eta giro politean partekatzea; sufrimenduak taldean ez dira hainbestekoak egiten, esfortzu handiak txiki bihurtzen dira horrela.  

Adunako etxean sortu dudan espazioak uste dut laguntzen duela gorputzaren eta adimenaren arteko oreka lortzen.

Deigarria egiten da zure web orrian (www.saioreka.eus) ondo zehaztu duzula norentzat den egokia zure plana, norentzat ez. 

Zorrotzegia gerta daiteke horrela azaltzea, baina web orriaren edukia prestatzen lagundu didan profesionalak gomendatu zidan. Bestela ere, urte hauetan monitoreen artean beti ezinegon berbera sumatu izan dut, alegia ez dela batere samurra lan egitea obligatuta bezala joaten diren edo beti kexaka dabiltzan pertsonekin. Bere buruarekin konpromisua hartu duten kirolzaleak nahi ditut, nik proposatzen diedan plangintzari motibazioarekin helduko diotenak. Garbi edukiko dutenak, bizitzako gainerako arloetan bezalatsu, hemen ere miraririk ez dagoela, eta langintza jarraitua behar duela izan, emaitzak ez datozelako egun batetik bestera. Horregatik, nireak egiten ditut hiru oinarrizko balore: konpromisua, elkarrekiko konfiantza eta kooperazioa. Euskal Herrian kirolari amorratuak gara, baina oraindik erabat barneratzeko daukagu betirako dela geure gorputza, barneratzeko burua eta gorputza zaintzearen kultura. Kostatzen zaigu sinestea lanketa hori egiteko, egokia izan litekeela profesional baten esku jartzea.   

Yoga klaseak ere eskaintzen dituzu.

Berez, entrenamenduak egiten dituenari aukeran jartzen diot luzaketak eta mugikortasuneko ariketa bereziak egitea, gorputza askatzeko, 20-25 minutuko saioetan zehar. Yogaren antzeko zerbait izan daiteke hori. 

Bestalde, yoga saio klasikoa eskaintzen dut. Yoga azken urtetan egin dudan deskubrimendurik politena izan dela aitortu behar dut. Oso urduria eta aktiboa izan naiz beti, eta horrexegatik urtetan pentsatu izan nuen yoga ez zetorrela nire izaerarekin. Nolanahi ere, Gasteizen bizi nintzela, Kristina irakaslearekin probatzea erabaki nuen. Saioz saio, apatiaz joaten nintzenean, animoa altxatzen zidan, eta kontrara, piztuta joaten nintzenean, baretu egiten nintzen. 

Gorputzean oreka lortzea zer zen ikusi nuen emakume harekin. Gainera, zer pentsatua eman zidan: adinez oso aurrera zihoan, baina egunduko flexibilitatea zeukan, yogari esker. 

Nerekiko erabaki nuen yogari sendo heldu behar niola, bai bainekien gimnasioen munduan luzez jarraituko nuela eta derrigorrez beharko nuela arin eta flexible mantendu gorputza.    

Norberak badaki eguneko zein ordutan egiten dion mesede yoga praktikatzeak. Baina nik ilunabarreko ordutegia eskaintzea erabaki dut. Esperientziak esaten baitit estresaz beteriko egunaren bukaeran ematen zaiola bakea gorputzari, egunean zehar ez garelako hain kontziente egoten, ilunabarrean bezainbat. 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!