Bertso afariko txartelen salmenta, martxa onean

Aiurri 2022ko ira. 15a, 11:15

Irailaren 23an izango da Oianumen, Maialen Lujanbioren eta Amets Arzallusen eskutik.

Herriko festen ohiturak berreskuratzeko martxan, hementxe da urnietarren ospakizun egunen bezperako bertso afaria. Hilaren 23an, ostiralarekin, iluntzeko 20:00etan, errimez gozatzeko aukera izango dute bertsozaleek, Oianumen egingo den afariaren bueltan, Poxta Zahar elkarteak eta Aiurrik antolatuta. Amaia Agirrek gidatuta ariko dira kantari Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariak. Sarrerak oraindik eskuragarri daude Urnietako Matxo, Kantoi eta Oianumen; eta, Andoainen Ernaitza liburu-dendan nahiz Aiurrin bertan.
Aurreko urteetan hitzordu jendetsua izan da beti, eta aurten ere horrelakoxea izatea espero dute antolatzaileek.

Menua dela eta, oharra

Antolatzaileek adierazi nahi dute menu begetarianioa aukeran egongo dela, beti ere interesa duenak aurretik eskatuz gero. Irailaren 20a bitarte menu begetarianoa nahi duen bertsozaleak posta elektroniko bidez jakinarazi beharko du urnieta@aiurri.eus emailera idatziz.
Gainerakoek sagardotegiko menuaz gozatu ahal izango dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!