3 Hiriburuak txapelketa, emakumezkoen pilota munduan aurrerapauso handia

Mikel Arberas 2022ko ira. 19a, 12:27

Emakume Master Cup txapelketaren sorrera inflexio puntua izan zen emakumezkoen esku pilotan. Oraingoan, 3 Hiriburuak txapelketa aurkeztu dute, eta emakumezkoen pilota mundua are gehiago sustatzea espero da.

Txapelketa berri honek Emakume Master Cup-aren erroekin bat egiten du, hau da, txapelketa irekia izango da eta bertan edozeinek eman ahal izango du izena, pilotari federatua izan edo ez. Parte hartzea izan da ekimen honen arrakastaren sekreturik nagusienetako bat eta 3 Hiriburuak txapelketa berri honetan ere 60 pilotariklehiatu ahal izango dute, 4 mailetan banatuta. Pilota goxoarekin gazte eta nagusi mailak banatuko dira eta mistorarekin, aldiz, gazteak eta eliteak.

Azken hauen artean egungo espezialistarik onenek hartuko dute parte, tartean izango dira Amaia Aldai (egungo lau eta erdiko banakako txapelduna), Olatz Arrizabalaga (Emakume Master Cupeko zirkuituan bost txapel jantzi dituen aurrelaria), Leire Garai (bi alditan Emakume Master Cupeko binakako txapelduna) edo Enara Gaminde (egungo binakako atzelari txapelduna). Denera elite maila honetan zazpi bikote arituko dira lehian; Arrizabalaga-Capellan, Arraiza-Gaminde, Barrokal-Bergara, Aldai-Mendizabal, Beitia-Zabala eta Etxegarai-Oses.

Txapelketak ere zehaztua du bere egutegia eta urriaren 2an final laurdenetako partidak jokatuko dira, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Finalerdiak astebete beranduago jokatuko dira, Bilboko Bizkaia pilotalekuan eta finala, aldiz, Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatuko da, urriaren 16an, ETB-k zuzenean emango duen jaialdian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!