Euskaldunon Ahalduntze Eskola jarriko da martxan urrian

Aiurri 2022ko ira. 22a, 12:00

Galtzaundi Euskara Taldeak beste hainbat euskara elkarterekin, Topagunearekin eta Soziolinguistika Klusterrarekin batera, Euskaldunon Ahalduntze Eskola jarriko dute martxan udazkenetik aurrera. 

Euskaraldian Ahobizi izateko erronka hartzen duten askok ezin izaten dute nahi duten leku guztietan euskaraz egin, askotan, "besteak zer pentsatuko duen" beldurrez, edo "orain ere euskararen gaiarekin tematuta" dagoela pentsatuko dutelakoan. Joera orokortua da hori, horregatik, euskaldunak ahulduntzeko eskolan euskara hutsean bizitzeko erramintak eskainiko dizkiete bertan parte hartzen dutenei. 

Tolosaldeko kasuan Tolosan izango dira saioak, bederatzi saio guztira, urriaren 5ean hasi, eta abenduaren 14ra bitartean, asteazkenetan, 18:00etan. Ordu eta erdiko saioak izango dira, eta bi atal izango ditu saio bakoitzak: batetik, norberak dituen hizkuntza- gatazkak partekatuko dira, horietan sakonduko da, eta merezi duten garrantzia emango zaie; bestetik, berriz, kontatzen diren pasadizo eta egoera horietan oinarrituz egoera horietan euskaldunoi gertatzen zaizkigun zenbait gauzen azalpenak emango dira, egoera horietan hobeto moldatzeko gakoak emango dira, eta bederatzi asteetan apurka-apurka urratsak ematen joango dira kideak.

Euskaraldia izango da aurtengo udazkenean, eta bertan egiazko Ahobizi izateko baliabide gehiago izango ditu ikastaro honetan parte hartzen duenak. Ikastaroa ez da Euskaraldia dela eta sortu, baina, elkarri laguntzen diote. Iaz eta aurtengo udaberrian ere, Galtzaundik bi talde dinamizatu ditu; talde horietan kideen bizipenetan jarri da arreta batez ere; urritik aurrera egingo den ikastaroan, berriz, Soziolinguistika Klusterrarekin landutako edukiei esker, bizipen horiei azalpen zehatzagoak emango zaizkie, eta egoera deseroso horietatik ateratzeko gako gehiago eskainiko dira.  

Ikastaroaren helburua, norbera lasaiago bizitzea da, hizkuntzaren inguruko kezka gutxiagorekin bizitzea, eta leku guztietan lehen hitzak euskaraz egin eta kontzientziako kargarik ez izatea. "Euskaldunok egunerokoan bizitzen ditugu egoera deserosoak, ulertuko ote gaituzten zalantza egiten dugu, nahi ez dugun arren gazteleraz hasten gara askotan, eta horrek guztiak gure umorean eragina dauka. Bada, kezka gutxiago eta umore gehiago izateko balio beza!"

Ikastaroan izen emateko formularioa bete beharko da eta informazio gehiago nahi duenak, 688 73 84 17 telefonora deitu. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!