Urriaren 8ko manifestaziorako eta jaialdirako deialdia egin dute Urnietan

Aiurri 2022ko ira. 29a, 10:47

Urnietan, Plazido Muxika plazan eskualde mailako herritarrak batu ziren, Sarek deituta atzo, Sanmiel jaien bezperan. Presoen alde aurtengo jaialdi handiena antolatu du Donostian Sarek, datorren urriaren 8an. “Etxera bidea gertu!” lelopean egun osoko egitaraua prestatu dute, adin tarte guztientzat aproposa. Musikariak, bertsolariak, pailazoak, trikitilariak... Bideoa, ikusgai: 

Hain zuzen, Plazido Mujika plazan egindako agerraldian, urriaren 8ari begirako gonbite bikoitza egiten zuten: batetik, Donostiako Bulebarretik 11:00tan irtenda azken kilometroak egiteko, eta ondoren, 12:00etan Pio XII plazan hasiko den manifestazioan parte hartzeko; eta bestetik, egun berean, arratsaldean, Illunben 15:30etik aurrera musika taldeekin, pailasoekin eta bertsolariekin antolatu duten jaialdiarekin gozatzeko.

Sare-ren agerraldia Plazido Mujika plazan, atzo

 

Urnietan atzo irakurri zuten idatzia

“Duela urtebete, etapa garrantzitsu bat bete genuen. Guztion ahaleginari esker, gizartearen etengabeko aktibazioari esker, Euskal Herritik urrunen dauden espetxeak uztea lortu zen: Andaluzia, Murtzia, Levante eta Galizia. Lehen urrats garrantzitsua izan zen orain bizitzen ari garen euskal herriratze prozesua garatze bidean.

Gaur, irribarre egiten hasi gaitezke, aurrera egiten ari baikara. Baina geldialdirik egin gabe, bide luzea baitugu oraindik ere aurretik, euskal presoek eta haien senideek oraindik jasaten dituzten urraketa guztiak atzean geratzea nahi badugu.

Eta bide hau, orain arte egin dugun moduan, elkarrekin egingo dugu. Hori izan da honaino ekarri gaituena, elkarrekin kalean, aktibo, lanean aritzea. Eta bide horretan jarraitu asmo dugu, euskal herriratzeak guztiz gauzatu bitartean.

Espetxeak bere baitan biltzen duen etxeratze prozesua gauzatzeko ordua da. Eta horretarako salbuespenak araua izateari utzi behar dio; graduen progresioa, irteera baimenak, larriki gaixo diren presoen etxeratzeak, gurasotasun eta familia eskubideak... bide horretan aurrera eginez jarraitu beharra dugu.

Egin dezagun irribarre, baina lan egiten jarraitzeko, atzerapausorik eman gabe. Egin dezagun festa, aldarriak soinean, indarrak batzen jarraitzeko. Eta, horretarako, badaukagu data garrantzitsu bat jarrita: urriaren 8an Donostian.

Hau, Sarek aurtengo urtean egingo duen mobilizazio eta jaialdi handiena izango da “Etxera bidea gertu!” lelopean. Donostia txiki utzi behar dugu egun horretan; goizeko 11:00tan Bulebarretik azken kilometroak eginez, 12:00tan Pio XII.tik irtengo den Manifestazio jendetsuan etxera bidea gertu dela aldarrikatuz eta ondoren gaurkoan moduan, Illunben, jai giroan elkarrekin etapa berriei ekinez.

Sarek aldarrikapena eta festa batu nahi izan ditu, urriaren 8an Donostian, urrunketaren aurka urte luzeetan elkartzen joan garen herritar oro Donostian batuz. Hori hala, dei egiten dizuegu guztioi  urriaren 8an goizetik Donostiara gerturatzeko, azken kilometroa egin, manifestazioan parte hartu eta Ilunbeko jaialdiaz gozatzeko.

Etxera bidea Gertu dugu eta gu ere Gertu-Prest gaude!! Segi dezagun lanean elkarrekin, orain arte bezala. Lortuko dugu!".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!