‘Ttap’ aldizkari digital berritua eskuragarri dago

Aiurri 2022ko urr. 1a, 08:47

Ttap aldizkari digital multimediak diseinu eta eduki berria estreinatu ditu. Aldaketa nabarmena izango da, bai itxurari dagokionez, baita edukiaren kasuan ere, atal berriak gehituta.

Digitalago eta biziago dator Ttap berritua, Monika Belastegi zuzendariak azaldutako moduan: “Interaktibitate-maila eta dinamikotasuna nabarmen areagotu dira. Bisualagoa ere bada; irudiek, esaterako, pantailaren azalera osoa hartzen dute. Aipagarria da, bestalde, erabiltzaileari irakurketa errazteko letra-neurria ere nabarmen handitu dela”.

Zuzendariak azaldu duenez, duela lau urte aldizkaria sortu zen une beretik, baimena eman diote euren buruari esperimentatzeko eta berritzeko, eta hortxe kokatu du oraingo berritzea ere: “Ttap aldizkari bizia da eta egungo gizartea bezala aldatzen eta eboluzionatzen doa; horren emaitza hauxe da, eduki berria, diseinu berria, freskoa eta gaurkotua. Edonoren eskura eta askatasunez partekatzeko eta zabaltzeko gertu dagoen edukia, alegia”.

Zuzendariak azaldu duenez, duela lau urte aldizkaria sortu zen une beretik, baimena eman diote euren buruari esperimentatzeko eta berritzeko, eta hortxe kokatu du oraingo berritzea ere: “Ttap aldizkari bizia da eta egungo gizartea bezala aldatzen eta eboluzionatzen doa; horren emaitza hauxe da, eduki berria, diseinu berria, freskoa eta gaurkotua. Edonoren eskura eta askatasunez partekatzeko eta zabaltzeko gertu dagoen edukia, alegia”.

Edukia ere, berria

Forman ez ezik, edukian ere aldaketak izan ditu. Aldizkariaren atal nagusiak egokitu egin dituzte, eta berriak sortu. Elkarrizketa nagusia da egokitu den ataletako bat: Deabruaren galderak izeneko galdera-erantzun laburren ikus-entzunezko atala gehitu zaio, eta, elkarrizketatua musikaria den kasuetan, kantu bat ere abestuko du Ttap-eko erabiltzaileentzat.

Elkarrizketekin tartekatuz erreportajeak izango dira aldizkariaren beste atal nagusietako bat, eta jorratuko diren gaiak askotarikoak izango dira. Eta, besteak beste, iritzien atala, argazkilarien txokoa eta zinema gomendioak mantendu egingo dira, diseinu berrira ekarrita.

Atal berriak ere estreinatuko ditu Ttap berrituak. Moda atalak, esaterako, orain arte baino leku nabarmenagoa izango du: batetik, zero kilometro kontzeptua aintzat hartuta, Euskal Herriko diseinatzaileen, sortzaileen eta modaren alorrean jarduten duten euskal artisten erakusleiho izango da, bertako artisauen eta sortzaileen lanari balioa emanda. Bestetik, Estiloz atalak unean uneko joerei eutsiko die kolaboratzaile adituen eskutik.

Epa, Opi! atalean, bestalde, esparru askotariko aurpegi eta izen ezagunei egindako elkarrizketa labur eta freskoan euren azken berriak jasotzeaz gain, kuttunen dituzten bost lekuak kokatuko dituzte Euskal Herriko mapa interaktiboan.

Gaurkotasunak ere izango du lekua, Asteko behatxulotik eta Iritzia ataletan, eta Museoetako musak atalak Euskal Herriko museoetako ateak irekiko dizkio erabiltzaileari.

Orain artekoari jarraikiz, kolaboratzaile komunitate sendoari eutsiko dio Ttap aldizkariak; arlo askotan diharduten kolaboratzaile zerrenda zabal hori osatzen dute, besteak beste, hauek: Arantxa Urretabizkaia, June Fernandez, Ander Izagirre, Oier Zuñiga, Amaia Uribe, Irati Agirreazkuenaga, Paul Caballero, Exprai, Aritz Gordo, Ane Irazabal, Olaia Beloki, Abraham de Amezaga…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!