Jokatutako lehen partidan, Amaia Aldai-Nora Mendizabal bikoteak Arraizari eta Gaminderi irabazi diote (22-11). Jokoak bi zati oso desberdin izan ditu; lehenean, Arraiza eta Gaminde markagailuan aurretik izan dira, Laukizko atzelariak asko aginduta, Amaia Aldai jokoz kanpo izatea lortu dutelako. Hori bai, dimoztarrak jokoan sartzea lortu duenean goitik behera aldatu du partidaren gidoia. Pilotari beste martxa bat sartu dio, saketik ere min izugarria egin die. Denera, 7 tanto egin ditu lehen pilotakadarekin, eta aurkariak erantzunik gabe utzi ditu. Mendizabal ere seguru eta bere jokoan lan ona egin du.
Pilota mistoko eliteen mailari dagokionean, Arrizabalaga - Capellan / Arraiza-Gaminde eta Amaia Aldai - Nora Mendizabal / Madalen Etxegarai - Uxue Oses izango dira, hurrengo astean, Bilboko Deportivon finalerdiak jokatuko dituzten bikoteak.
Jaialdiak, mimoz prestatutakoak, gainera, denetarik izan du, lehia, adiskidetasuna, giroa, 450 ikusle, zuzeneko telebista... Bertaratutako guztiak aho gustu oso onarekin utziz.