Babes handia jasotzen ari da grafikagintzako greba

Mikel Arberas 2022ko urr. 5a, 10:59

Aiztondoko herritar ugari grafikagintzako greban parte hartzen ari dira, beste askoren artean; LAB sindikatuaren arabera %80ko jarraipena edukitzen ari da eta hitzarmenik lortu ezean, grebak aurrera egingo du. Osteguna berriro ere greba eguna izango da sektore horretan.

Grafikagintzako langileek grebari ekin diote Tolosaldean lan hitzarmen duin baten alde. LAB sindikatua: "Gaur eta aurreko egunetan ere sektoreko langileek ozen esan dute hitzarmen duin bat nahi dutela". ELA sindikatua: “Benetako negoziazioa bultzatzen saiatu arren, patronalak ez du eduki seriorik eskaintzen. Ez da bermatzen KPIa, eta ez da sartzen ez aplikatzeko klausula ere”. Gainera, sindikatuek argi adierazi dute, lanaren gaineko eskakizunak errealak eta zentzudunak direla, eta "lortu daitezkeela".

Horiek horrela, grebalariek eta sindikatuek "arduraz jarduteko" eskatu die Adegiri (Gipuzkoako Enpresen Elkartea). Negoziazio mahaia deitzeko eskatu dute, lan hitzarmen duin bat bermatzen saiatzeko. Bihar, osteguna, hurrengo greba egun izango da eta egun horretan, 9:00etan kotxe-karabana egingo dute Tolosako Usabal poligonotik hasita. Ondoren, 11:00etan, kontzentrazioa Tolosako Triangelu plazan.

Andoaingo Grafikagintza grebatik kanpo

Ganboak eta Leitzaran Grafikak ez dute grebarekin bat egin; lehen enpresak Aiurriri jakinarazi dionez, ez du inork greban parte hartu eta %0ko eragina eduki du. Leitzaran Grafiketan ere greban parte hartu ez dutela jakinarazi digute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!