Erremonte jaialdia, Kronikaren alde

Aiurri 2022ko urr. 6a, 11:37

Bigarren urtez, Kronikak Oriamendirekin batera, Erremonte jaialdia antolatu du bihar, hilaren 7an, hedabideari berari babes ekonomikoa emateko. Hala, 12 euroren trukean, kirolaz, gastronomiaz eta musikaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. 

Arratsaldeko 18:00tan hasiko da hitzordua, musikak girotuta. Hiru erremonte partida izango dira, 20 tantora: bi final-erdi eta final handia. Gainera, jokalari bikote banak bailarako lau txokoak ordezkatuko ditu: Hernani, Ereñotzu, Goizueta eta Astigarraga. 

Lehen final-erdian, Loitegi eta Barrenetxea, Goikoetxea V eta Larrañagaren aurka lehiatuko dira. Aldiz, bigarrengoan, Urrizak eta Apezetxeak, Ansa IIren eta Zubiriren aurka ariko dira norgehiagokan.

Kronikak aditzera eman duenez, "nahikoa jana eta edana egongo da". Pintxoekin batera, inguruetako 22 sagardotegiren edaria dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek: Akarregi, Alberro, Altzueta, Artola, Elorrabi, Elutxeta, Eula, Gartziategi, Goiko-Lastola, Gurutzeta, Iparragirre, Itxasburu, Larre-Gain, Lizeaga, Oialume Zar, Olaizola, Otsua-Enea, Oyarbide, Petritegi, Rufino, Zapiain eta Zelaia. 

Sarrerak

Honako hauek dira sarreren salmenta puntuak: Kronika, Galarreta (egunean bertan), Ikatza taberna (Astigarraga) eta Amaia kafetegia (Goizueta). Hamar urte azpiko haurrek ez dute ordaindu beharko. Sarrerarekin pintxoa eta edari  bat hartzeko aukera izango dute herritarrek.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!