Nora Mendizabal eta Amaia Aldai Hiru Hiriburuak txapelketako finalean

Aiurri 2022ko urr. 10a, 10:27

Arrizabalaga-Capellan eta Aldai Mendizabal lehiatuko dira Hiru Hiriburuak txapelketako lehen finalean. Ikusmira handia egongo da Donostiako Atano frontoian.

Olatz Arrizabalaga-Andrea Capellan bikoteak Aldai eta Mendizabalen aurka jokatuko dute datorren igandean, Donostiako Atano frontoian. Hala ere, bikoteek lan handia egin behar izan dute finalerako txartela eskuratzeko.

Maila gorenean, Arrizabalagak eta Capellanek 22-19 irabazi zioten Barrokal-Gaminde bikoteari; norgehiagoka oso orekatua eta berdindua izan zen. Laurek partida ona jokatu zuten, atzelariak atzean ondo eutsiz eta Barrokalek zein Arrizabalagak lehen koadroetan aukera txikienarekin jokoa nahasiz. Barrokal ez da pilotari apurtzailea, baina kosta egiten da hari tantoa egitea, horiek horrela, Gernikakoak lan handia egin behar izan zuen garaipena eskuratzeko. Azkenean, bizkaitarraren eta errioxarraren esperientziak euren aldera erabaki zuen partida.

Emozio gutxiago izan zen bigarren finalerdian, Aldai-Mendizabal bikoteak aise irabazi zuen Etxegarai eta Ososen aurka (22-10), non lau pilotariek maila ona eman zuten. Dena den, Dimakoa koxka bat gorago dagoela erakutsi du, beste abiadura bat ematen dio pilotari eta partiduak bere alde ekartzen ditu. Hori bai, susto ederra hartu zuen, 14. tantoan kolpe handia hartu baitzuen eskuin eskuko hatz txikian. Hala ere, partida bukatzea lortu zuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!