Ikusle ugari bertaratu zen Basterora, filmaren ikustaldiak zein bere egileek erakarrita, eta horien artean gehientsuenak andoaindarrak baziren ere, aipatu behar da Asteasutik ere gerturatu zirela zenbait herritar. Aiurri aldizkariaren eta Bastero kulturgunearen artean antolatu zen proiekzioa.
Ahalmen-urritasunaren gaia jorratzen du “Bi anai” filmak, eta egun ezagutzen dugun gizarte modernoaren aurreko denboraldian dago girotua. 1936ko gerra osteko gizartea deskribatzen zaigu, nekazari kutsuko herrixka batean, zabaltzen hasia den modernitatetik urrun, trena ere iada igarotzen ez den leku batean, non giza harremanetan, ohituretan, moralitatean… apaizaren esanak agindutzat hartzen diren. Film minimalista da guztiz, hitz murritzekoa, estetikoa bezainbat estatikoa eszenen garapenean; argazkiak eta austeritate formalak berebiziko garrantzia hartzen dute, eta naturak eta animaliek sinbolismo handia daukate. Elipsiekin jokatzen da etengabe, eta maiz, pantailan ikusten ez dena gehiago da ikusten dena baino.
Bertsio zinematografiko askea
Proiekzioaren ondorengo solasaldian, Rayok eta Atxagak nobelaren zein filmari lotutako xehetasunak eta gogoetak azaldu zituzten, Kamioren galderei erantzunez. Bata 1951ean jaioa eta bestea 1984an, eta liburua 1985ean argitaratu zen. Datu horiek mahai gainean jarrita, nola gertatu ote zen belaunaldi guztiz desberdinekoak diren bi sortzaileen arteko kontaktua, galdetu zien Kamiok biei.
Rayok aitortu zuen “Bi anai” 12-13 urterekin irakurri zuela eta mugarri suertatu zela bere bizitzan.
Arbizuko zinegileak Atxagari eman zion askatasuna eskertu zion: “Formalki aski berezia da pelikula eta ez dakit nola harrapatzen duen jendea. Atxagarengana joan nintzenean jakinarazteko nobela zinemara eramateko asmoa nuela, argi utzi nion lantzen duen garaia ez dela nik bizi izan dudan garaia, eta distantziaz jorratu nahi nuela nobela. Nire begirada pertsonaletik lantzeko asmoa nuela, eta nobelak daukan narrazioaren “mintzoa”, animalien hizkuntza, logos-a edo diskurtsoa eta beste hainbat elementu, horiek denak estilo osotasun batera eraman nahi nituela. Eta askatasun osoa eman zidan. Horrela, esan daiteke Bi anai ez dela adaptazio kanoniko horietakoa; ez du zerikusirik “El señor de los anillos” eta antzeko produkzio erraldoiekin gertatzen denarekin, non zuzendariari egundoko erantzukizuna jartzen zaion, nobelarekin fidela izan dadin”.
Nobelaren muinari heldu ziola erantsi zuen Rayok, segidan. “Irudietan errepikapenak daude, errutina bat dago, erritual bat… Eta islatzen da agortzear doan mundua. Alde horretatik, nobelaren espiritua jasotzen duela iruditzen zait”.
Mundu zaharra eta mundu modernoa
“Zuretzat zer da Bi anai?” galdetu zion Kamiok Atxagari, jarraian. Eta atzera begira jarri zen Asteasuko idazlea: “50eko hamarkadan jaio izana abantaila zuzena izan zen, garaitsu horretan sortutakoek mundu zaharra ezagutu genuela. Mugarria eman baitzen orduan, mundu zaharraren eta modernoaren artean. Eta azkar esanda, mugarria, telebistaren etorrerak markatu zuen. 1965-1970ean etorri zen telebista, eta geroztik etorri diren pantailek aldatu dituzte gizartea eta mundua”.
Gizarte zahar hura deskribatu zuen Atxagak, hitz gutxitan: “Gizarte zaharra, non telebistarik gabe informazio asko falta zen, non ez politika ezta politikaririk ere ez zeuden, bertako, behintzat, eta are gerrantzi gehjaog duena, ez zegoen psikologiarik, ez psikoanalisirik, ez Freudik, ez hizkera bat, gaur egun Andoainen denok erabiliko duzuena eta nik ere erabiltzen dudana; mundu hartako hizkeran ez zuten esistitzen depresioak, paranoiak, eskizofreniak eta horrelako terminoek. Horrelako hizkerarik gabe eta politikarik gabe, mundu zaharrean barruko bizipenak eta dena adierazi behar dira, nire ustez, animaliekin, paisaiarekin, eguraldiarekin, fantasmekin, eta kasu honetan, baita ere “munstroekin”, Daniel da “munstro” hori, anaietako bat, eta bere inguruan dena jartzen du hizketan: apaizak hitz egiten du -eta bere ideologia agertzen da-, anaiak hitz egiten du, neskek hitz egiten dute…”.
Era horretan, “Bi anai” eta “Obabakoa” nobelen eskutik batez ere, zertaz ohartu zen aitortu zien Basteroko entzuleei Atxagak: “Konturatu nintzen bi mundu artean bizi izandakoa nintzela, eta esan dezake, koipea emateko gogorik gabe, hori dena gertatu zela nire kasuan, eta halabeharrez, aldaketa geografikoarekin. Alegia, gure etxekoak Andoainera bizitzera etorri zirenean, orduan 13-14 urteko mutikoa nintzelarik. Hortaz, 13-14 urtetik aurreko bizipena guztia, nirea, hori guztia da “Obaba”. Eta hortik aurrera, beste zerbait da; hain zuzen ere, telebistarekin hezitako pertsonak bihurtu ginen hortik aurrera”.
Rayok zinerako egindako bertsioa “izugarri ona” iruditzen zaiola esanez jarraitu zuen Atxagak bere hizketaldia. “Pozik nago Rayok egin zuen irakurketa filmikoarekin, eta hori suerte handia da idazle batentzat. Ez baita beti hori gertatzen. Almudena Grandesekin egon nintzen behin, bere nobela “Las edades de Lulu” zinemara eraman eta laster. Eta esan zidan; “badakizu zer egin behar den holakoetan? Hartu dirua eta korri!”. Kasu honetan, “Bi anai”, nire bihotzeko pelikula da”.