Frankistek bailaran eraildako 200 lagun gogoan hartu dituzte Hernaniko hilerri aurrean

Xabier Lasa 2022ko urr. 22a, 18:30

1936an golpe militarra bultatu zutenek Hernaniko hilerrian erail edo lurperatu zituzten Buruntzaldea eta Donostialdeko ia 200 pertsonen omenez ekitaldia egin dute gaur eguerdian, guztien izenak biltzen dituen Argi-Horma izeneko eskulturaren aurrean. Andoaingo eta Urnietako zenbait familiarrek ere hartu dute parte ekitaldian. Lore eskaintzako bideoa eta argazkiak, ikusgai:

Andoaingo Maribi Hernandezek Jose Arana Etxenagusia osaba eduki du gogoan bereziki Hernanin gaur, Salba Paradak Jose Maria Elizalde Zubiri aitona, eta Juanjo Alustizak Simon Olaizola Arregi osaba.

Maribi Hernandez, Salba Parada eta Juanjo Alustiza, eraildako beren senideak biltzen dituen Argi-Horma eskulturan

 

Urnietako Martxel Usarragak eta bere alaba Lydia Usarragak, berriz, beren aitona Policarpo Usarraga Garrilbonen omenez egin dute lore eskaintza.   

Martxel Usarraga eta Lyidia Usarraga urnietarrak 

 

40 urtetan eta gerora ere estaliaraziak

Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak hartu du hitza, eta hilerrian fusilatu eta dokumentatu gabe lurperatutako pertsonak omentzea, haien oroimena eta duintasuna berreskuratzeko antolatu dela ekitaldia; “egia osoa ezagutu behar dugulako eta justizia aldarrikatu behar dugulako haientzat eta haien familia edo senideentzat”. Diktadurak iraun zuen 40 urteetan, eta gerora ere, “isiltasunak eta inpunitateak estalarazi zituzten krimen haiek, isilduak” izan zirela ere adierazi du.

Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea hizketan

 

Migel Artola fusilatu eta desagerrarazitakoaren biloba den Concha Artolak ere egin ditu adierazpenak, ekitaldian barrena

Bestalde, Irati Sarasuak eta Urko Apaolazak 1936ko Hernaniko hilerrian gertatu ziren hilketen gaineko testuingurua azaldu dute, Musika joko dute Roberto Pachecok eta Judith Monterok musikariek musikarekin girotu dute ekitaldia, eta Hernaniko txistulariek eta Ttarla Dantza Taldeko dantzariek Agurra jo eta dantzatu dute.

Agintarien artean, aipatzekoa dira Urnietako alkate Jorge Seguradoren eta Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuorde andoaindarraren presentziak.

Hernaniko hilerrian bertan dago Argi-Horma eskultura

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!