Oihana Iguaranek Donibane Garazin bigarren finalaurrekoa irabazi zuen

Aiurri 2022ko aza. 1a, 09:34

Argazkia: https://www.bertsozale.eus/

Amasarra seikoteko onena izan zen Donibane Garazin joan den asteburuan jokatu zen Bertsolari txapelketako bigarren finalaurrekoan, 1.350 bertsozaleen aurrean. Era horretan, Amurrion azaroaren 19an egingo den finalaurreko bigarren itzulirako txartela eskuratu zuen. Haritz Mujika asteasuarra bosgarren geratu zen.

Hona Donibane Garazin sei bertsolariek lortutako puntuaketa: 1.- Oihana Iguaran (688,5); 2.- Amets Arzallus (688); 3.- Nerea Elustondo (628); 4.- Asier Azpiroz (616,5); 5.- Haritz Mujika (615);  Aitor Etxeberriazaga (612).

Bertso saio guztia, ikusgai dago Bertsozale Elkartearen web gunean.

Sei puntuko motza izeneko ariketan, Oihana Iguarani eta Haritz Mujikari elkarrekin abestea egokitu zitzaien. Honako gaiari heldu zioten: "Oihana gurasoa da, eta Haritz 12 urteko semea. Haritz pilotan ibiltzen eta Oihana bere botilleroa da. Oihana, partida hogeita batna doala, aurkaria negarrez hasi da, eta Haritz etorri zaizu, zer egin behar lukeen galdezka”.

Ganbarako lanean, honako gaia jarri zioten seikoteari: "Azkenean probatu duzu, eta jabetu zara ez zela espero zenuena". Oihana Iguaranek hamalau urteko bi lagunen arteko harremana hautatu zuen gaitzat. Haritz Mujikak, berriz, tinder aplikazioaren bidez lortutako harremana izan zuen hizpide.  

 

Bi itzuliko finalaurreak

Finalaurreko fase hau bi itzulik osatzen dute; lehenengoak lau saio, eta bigarrengoak hiru. Lehen itzulian, puntuazio baxuena lortu duten sei bertsolarik bigarren itzulian kantatzeko aukera galduko dute, eta, amaieran, bi saioetako puntuazioak gehituko dira. 

Irunen azaroaren 5ean jokatuko da finalaurrekoetako hurrengo saioa. Honako bertsolariekin: Ane Labaka, Jone Uria, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!