Etxebizitzen eta denbora librerako espazioen arazoari helduko diote Urnietako eta Andoaingo GKSk

Aiurri 2022ko aza. 10a, 15:33

Urnietan eta Andoainen dinamika bana martxan jarriko dute Gazte Koordinadora sozialistako kideek: batetik, Urnietako aisialdirako espazioen gainean jardungo dute; bestetik, etxebizitzen gainean dagoen arazoan fokuratuko dute dinamika. 

Andoaingo Gazte Koordinadora Sozialistak etxebizitzen problematika mahaigaineratu nahi du, horretarako arazoaren erroa aztertu eta ikerketa bat abiatuta. Gainera, galdetegi bat martxan jarri du, bakoitzak bere esperientziatik galdetegia osatu eta datuak jasotzeko: Galdetegia. Horrez gain, gazteen egoera eta bizi maila prekarioa salatu du: "Kapitalismoaren krisialdi betean sarturik, gazte langileon bizi eredua pobretzen ari dela".

Beste alde batetik, Urnietako espazio libreetan hainbat arazo topatu dituztela azpimarratu du GKSk: "Denbora librea bizi eredu aske baterako beharrezkoa dela eta, egun, diruz baino ezin direla eskuratu denbora librerako baliabideak". Hortaz gain, Urnietako espazio publikoa pribatizatu dutela azaleratu du, azpiegitura publikoaren erabilpenerako baldintza zorrotzak medio: "8 arazo identifikatu ditugu herrian: herriko frontoian, Egape eskolako frontoian, udal kiroldegian, Lekaio kultur-etxean, liburutegian, ikasgelan, Sarobeko areto nagusian edota Sarobeko musika-entsegu gelan".

Horiek horrela, datozen egun eta asteetan dinamika berrien berri emango dutela jakinarazi du GKSk.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!