Diseinu lehiaketa martxan jarri du Naizen elkarteak

Jon Ander Ubeda 2022ko aza. 18a, 11:02

Adin txikiko transexualen familiak biltzen dituen elkarteak diseinu lehiaketa jarri du martxan. Kolorez beterikoa da Naizen elkarteak orain arte landu duen iruditeria. Eraberritzeko asmoa agertu dute, eta hori dela eta lehiaketa antolatu dute.

Hauexek lehiaketaren oinarriak:

PARTE HARTZAILEAK

BI KATEGORIETAN BANATZEN DA LEHIAKETA

  1. Orokorra.
  2. Naizen elkarteko haur eta gazteak. Adin txikikoek, ezinbestekoa dute guraso edo tutoreen baimena sinatua helaraztea harremanak@naizen.eus helbidera (naizen.eus webgunean aurkituko duzue baimen agiria deskargatzeko moduan).

LELOA

Eman begi!, Ekaitz Goikoetxeak sortua: Begi eman esapideak hainbat adiera ditu euskaraz elkarrengandik hurbil egon daitezkeenak: egiratu, erreparatu... eta baita aintzat eta kontuan hartu ere. Edozeini eman diezaiokezunik ederrena zure begiak dira, zure begirada, eta ikusi beharrekoa ikusteko begiei ere tarteka buelta ematea komeni denez, eta hitzek ere horretarako aukera ematen dutenez, begi eman esapidetik eman begirako bidea urratu nahi izan dut begiri indarra emateko.

MARRAZKETAREN TEKNIKA ETA ERREALIZAZIOA

  • Eman begi! leloa adierazi beharko da kamisetaren diseinuan idatzita
  • Collage, argazki edo marrazkiak aurkeztu daitezke, modu digitalean beti
  • Aurretik argitaratu gabeko lanak izan beharko dira
  • 300 ppp-ko erresoluzioan
  • Pdf, eps edo tif formatuan
  • Kamiseta beltz kolorekoa izango da

Lanak entregatzeko epea

  • Lanak, abenduak 9 OSTIRALA, eguerdiko 12:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira.
  • Nahi adina lan bidali daitezke.
  • Lanak, ezingo dira argitaratu epaimahaiak jakitera eman baino lehen.
  • Epaimahiaren erabakia urtarrilaren 28an emango da, sari guztiak ez esleitzeko eskubidea gordetzen da. Egun horretan diseinu guztien erakusketa egingo da Naizenen urtemuga ospakizunean, Urumea Ikastolan (Hernani).

SARIAK

  1. 500 €
  2. 300 €
  3. 100 €

Kategoria bakoitzean parte hartutako pertsona guztien artean zozketa ezberdinak egingo dira.

DISEINUEN BIDALKETA

Lanak harremanak@naizen.eus helbidera bidali behar dira. Bertan, egilearen izen-abizenak, herria, telefono zenbakia, N.A.N. agiria eta deskribapen labur bat zehaztu beharko dira.

Erreprodukzio eta zabalkunde eskubideak

Aurkeztutako lanek, NAIZEN elkarteari uzten dizkiete irudi komunikazio eta erreprodukzio eskubideak.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!