Nori dagokio guztiontzat den mundu bat eraikitzea? Zer falta zaio munduari guztiontzat izateko? Nork eta nola egiten da lan zulo horiek estaltzeko? Erantzunez baino, galderez betetako liburua aurkeztu berri du Amagoia Mujika Telleria kazetari eta idazleak: “Munduak guztiontzat beharko luke, baina ez da”. Peio Manterola Pavo irakasle eta ikertzaile andoaindarrak botatako amuari tiraka ondu du Mujikak liburua, izan ere, azken horren ikerketetatik nahiz hausnarketetatik abiatutako hitzak dira: “Bizipoza egitasmoa: Euskal Herriko haurren eskubide-egoera gizarte eta hezkuntza ikuspegi batetik”. Azaroaren 14an aurkeztu zuten Usurbilgo Potxoenea Kultur Etxean. Lanaren egileez gain, bertan izan ziren Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkatea eta Leire Elizegi Beloki proiektuaren sorkuntza-prozesuan berebiziko garrantzia izan duen Bizipoza elkartearen koordinatzailea.
Jendarteko hutsuneen jostunak
Joxe Garmendia EHUko irakaslearen proposamenez murgildu zen Bizipozaren bidean Manterola, orain hiru urte, 2019an; ondo baino hobeto gogoratzen du proiektuaren muina: “Beharra dagoelako sortzen dira elkarteak”. Baieztapen horren hariari tiraka osatu du denbora honetan guztian ikerketa, badirelako “erakunde publikoetatik bermatzen ez diren hainbat premia”. Elkarteek dute hitza ikerketan: lan teoriko potolo baten ondotik, hutsuneak identifikatzeko mapa jantzia osatu zuen makina bat elkarteren dinamika jarraituta, ikuspegi holistiko bat bermatze aldera. Galdetegi kualitatiboen bitartez, bakoitzaren beharrak, gauzatutako ekimenak, boluntarioen lana nahiz arazoak ikertu dira. Finean, jendartean, “elkarteek duten ezinbestekotasuna” argitara eman du txostenak.
Hala, lan mardul eta sakon horren ideia esanguratsuenak jendarteratzeko ariketan, laburpen gisako liburua argitaratu du Mujikak, nolabait, bere “galbahetik” igarota: “Peioren lanak hari mataza asko ditu, eta, nik, neure modura josi ditut”. Elkartasunari, boluntariotzari nahiz enpatiari garrantzia ematen die kazetariak, baina horien guztien aurretik, haren ustez, bada nabarmendu beharreko ideia bat, justizia soziala: “Hori betetzen den garaian, gainerako elementuak jendartea dotoretzeko hariak izango dira, baina, behin oinarria ziurtatuta”.
Elkarrengandik oso gertu dauden hiru erpineko triangelua osatzen dute Bizipoza elkarteak, Manterolak eta Mujikak, aipatu aldeen arteko elkarreraginean ereindako uztaren adibide baita obra. Era berean, inflexio puntua ere delakoan da Elizegi elkarteko koordinatzailea, izan ere, haren aburuz, etorkizunarari begira, “elkartearen ibilbidea markatzeko oinarri sendoa” da, sinetsita baitago posible dela guztiontzat beharko lukeen mundu hori eraikitzea: “Instituzioak, elkarteak, herritarrak, gizarte eragileak… Elkarrekin eraiki dezakegu komunitatea”.
Hausnartzeko, partekatzeko eta eraldatzeko
Larunbat honetan egingo diren Bizipoza jardunaldien atariko ekimena izan da liburuaren aurkezpena: “Zaintza-sistema publiko komunitarioaz: elkarrekin partekatzen, hausnartzen eta eraldatzen”. Usurbilen izango da hitzordua, eta ez omen da zoria bertan antolatu izana, alkatearen hitzetan, lan handia egiten delako herri bizigarrigo baten alde, “herrikideak zainduko dituen komunitatea sortzeko bidean, bestelako zaintza ekosistema bat eraikitzeko borondatez”.
Hori horrela, liburua eskuragarri egongo da jardunaldietan, eta, bertaratzen direnei banatu egingo zaie. Bestalde, Durangoko Azokan, Bizipoza elkartearen txokoan, salgai egongo da, baita elkartearen webgunean ere.
Liburuaren nondik norakoak
Bizipoza osatzen duten elkarteentzat lurra ez da beti samurra, beraientzako sarea gaixotasunek edota beharrek urratuta dagoelako. Baina, oso garbi daukate beren haurrek ez dutela, etengabe, lurrera begira joan behar, lasai begiratu behar dutela aurrera edo gora. Horregatik, etengabe sarea josten eta josten aritzen dira, orratzak hatzak hamaika aldiz ziztatu arren. Neketsua da, baina beharrezkoa. Horregatik gailentzen zaie bizitzeko poza.
Premiatik sortutako elkarteak dira, irabazi asmorik gabekoak eta iniziatiba solidariotik jaioak. Gizarte zerbitzu publikoek betetzen ez dituzten beharrak samurtzeko sortuak dira. Legeak garbi esaten du marjinazioari eta esklusioari ez zaiola irtenbiderik topatu orain artean, eta, desparekotasun sozial horren aurrean, ezinbestekoa da gizarte-ekintzako eragileek egiten duten lana. Munduak guztiontzat beharko luke, baina ez da. Liburuan, zergatik ez den ulertu nahia dago; nori dagokio guztiontzat den mundua eraikitzea? Zer falta zaio munduari guztiontzat izateko? Nork eta nola egiten du lan zulo horiek josteko? Nolako hariz?