Adarramendin saldarik ez da izango Urte berri egunean

Aiurri 2022ko abe. 23a, 13:58

Urteberri egunarekin batera Adarrako tontorrera igoko diren Buruntzaldea eta Donostialdeako mendizaleek oraingoan ez dute salda berorik hartzeko aukerarik edukiko, ez behintzat urtero-urtero eginkizun estimagarri horretaz arduratzen zen Euskaldunako mendigoizaleen eskutik. Boluntarioen falta dela-eta, Euskaldunak ez du antolatuko horrenbeste errotuta zegoen ohitura.  

Mendizaleek hagitz eskertzen zuten ekimena izan arren, aurreko egunetan hasita lan nekeza eskatzen zuen eginkizuna izaten zen, eta horretarako boluntariorik ez da aurkeztu.

Federatzeko kanpaina

Bestalde, gogoratu behar da 2023ko mendiko lizentziak eta bazkideenak berritzeko kanpaina abian jarri duela Euskaldunak. Urtarrilaren 12a arte luzatuko da kanpaina, eta 19:00etatik 20:30rako ordutegia jarri dute tramiteak egiteko, Kale Nagusiko egoitzan.

Euskaldunak jada prestatu duen 2023ko irteeren egutegia ere argitaratu du, eta egoitzan jaso ahal izango da.  Urtarrilaren 15erako antolatu dute lehenengo mendi irteera. Lapurdiko biraren baitan, 6. etapa egingo dute, Urdazubi eta Itsasu herrien artan, urtarrilaren 15ean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!