Larrañaga izan zen partidako izarra partidaren lehen tantoetan; ondoren, Segurolak hartu zion lekukoa. Bikote orekatu eta erregularra osatu zuten, eta beren bertute guztiak azaleratu zituzten. Urdinei dagokienez, Goikoetxea ondo aritu zen, baina Barrenetxeak ez zuen pilota gurutzatzen asmatu eta besoa ere ez zuen askatu, ohi zen bezala.
Gorriek bederatzi tantoko abantaila izan zuten sarritan: 10-1, 13-4, 29-20 eta 30-21ean, baina urdinek ez zuten amore eman eta partida irabazteko aukerak izan zituzten. Urdinak lau tantora hurbiltzeraino lehiatu ziren, 16-12, 19-15, 20-16 eta 30-26koan. 34-29koaren ostean partidan bete-betean sartu ziren 34-33 eta 35-34koan.
Goikoetxeak urdinei eutsi zien eta Barrenetxeak bi sake eta pilotakada on lotu zituenean partida are ikusgarriagoa bilakatu zen. Hala ere, momentu garrantzitsuenean, Segurola hiru pilotakada onekin, berriro ere lau tantoko errenta lortu zuen( 38-34) eta Larrañagaren bi sakeen bitartez garaipena eskuratu zuten.