1985ean bota zuen elurtearen argazki bila gabiltza

Aiurri 2023ko urt. 9a, 07:00

Adunan elurra egin dueneko artxiboko irudia

Neguak geroz eta epelagoak dira, eta iraganera begira jarrita bada data gogoangarria: 1985eko urtarrilaren 7a.

Aiurrik bere garaian egindako erreportajean eskualdeko herrikide ezberdinak elkarrizketatu zituen, eta hauxe orduko adierazpenetakoa: “1985 urteko urte hasieran izugarrizko elurtea egin zuen baina, geroztik, ez da elurte handirik izan. Elurra egin du, noski, baina gutxiago”. 1985ean elurra egin eta hogei egunetik gorako hotzaldia etorri zen, izoztu egin zen dena.

Euskal Herri osoan eta Europan eragina izan zuen elurtea izan zen hura. Horrela jaso du euskarazko Wikipediak: "1985. urteko urtarrilean Europan izandako hotzaldia 1956 urtetik izandako hotzaldi gogorrena izan zen. Urtarrilaren 6an hasi eta bi astetara luzatu zen gutxi gorabehera. Euskal Herrian ohikoak ez ziren tenperatura baxuak eta elurteak ekarri zituen; esaterako, Donostian termometroak -6 °C-ra heldu ziren eta 15 cmko elurra pilatu zen kaleetan, Kontxa pasealekuan eski-norgehiagoka antolatu zen eta Gasteizen inoiz izandako hotz handiena erregistratu zen, -16.8 °C-rekin. Garraioa eta errepide gehienak erabat moztuta geratu ziren. Europan, ehundaka hildako izan ziren".

Eskaera irakurleari

Orduko argazkirik gordetzen al duzu etxean? Garai hartako argazki-albumetan izango al duzue 1985eko elurteko argazkirik? Hala izanez gero, eskertuko genuke Aiurrirekin harremanetan jartzea diseinua@aiurri.eus e-postara idatzita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!