Sagardo Etxea museoan lehenbiziko irekiera-ekitaldia egin dute. Bertan, Astigarragako Udaleko, Foru Aldundiko, Jaurlaritzako eta sagardogileen ordezkariek hitza hartu dute, eta segidan, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aktoreek sagarrondo bat landatu dute. Alaia Martinek eta Agin Laburuk bertsoak kantatu dituzte aldi berean.
Ekitaldian parte hartu duten eragile guztiek, segidan, Alorrenea Sagardotegira abiatu dira, Txotx denboraldiari hasiera ofiziala emateko asmoz. Txalapartaren doinupean, Astigar dantza taldeko kideek Sagar Dantza egin dute, eta Soka Dantzara bildu dituzte Garmendia eta Plazaola. Dantza amaituta, bi aktoreek lehen sagardo-edanaldia egin dute, “Gure Sagardo Berria' oihukatu eta gero.
Martinek eta Laburuk bigarren bertsoaldiari ekin diote bertan.
Nerea Aliasek egin ditu aurkezpen lanak, Museoko ekitaldian zein Alorrenea sagardotegiko Txotx denboraldi berriaren irekitzean.