Erakunde instituzionalen aldetik, babes zabala jaso zuten. Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendaria, Arantxa Atutxa Bizkaiko Foru Aldundiko nekazaritza departamentuko zuzendaria eta Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburu-ordea izan ziren. Baita Basquetourreko zuzendari Daniel Solana ere.
Sektorea bat eginda
Aurkezpenean hitza hartu duten Olatz Mitxelena eta Amaia Zubeldia Euskal Sagardoko teknikariek, eta Oihana Gainzerain Euskal Sagardoa jatorri deituraren lehendakariak.
Poza agerikoa zen, murrizketen aroa atzean geratu eta txotx garaiaz normaltasun osoz gozatu ahal izango baita. 2020a itxieraren urtea izan zen, eta 2021a eta 2022a murrizketena. Hasi berri den 2023an, kupelean bertan sagardoa dastatzeko aukera izango du sagardozaleak. Pozarren egoteko arrazoia da. “Bi urteren ondoren txotxetik dastatu ahal izango dugu sagardo berria. Kupeltegiko giroa itzuliko da gure sagardotegietara, eta sagardoaz hitz egiteko aukera izango dugu lehenago egin ohi genuen moduan, zutik eta kupeltegian bertan, uzta berria nolakoa datorren ezagutu eta gozatzeko”, adierazi zuen Gainzerainek.
Agerikoa dirudien arren, garratzitsua da sagardoaren muinean dagoen oinarria gogora ekartzea: “Sagardotegiek badute bereizgarri garrantzitsu bat: sagardogileak dira dastatzera ematen den produktuaren ekoizleak. Otorduaz haratago, jatetxe ereduetatik haratago, sagardotegiak sagardoaren topagune ditugu".
Aurtengo Txotx denboraldia ren aurkezpenean ordezkaritza zabala izan zen. Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako ordezkariek ez ezik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagardogileek eta sagargileek parte hartu zuten.