Sagardoaren sektoreak balioan jarri nahi du bertan ekoizten den edari preziatua. Testuinguru ekonomikoak asmo hori abiarazi dute, oinarrizko gastu guztiak igo baitira. Sagarra, beira, kartoia, argindarra, gasolioa… Guztiak egin du gora eta sagardoak ere gora egingo du ezinbestean, lehendik ere errentagarritasun baxuko produktua izaki, gaur egungo egoerara moldatzen joateko. Horrela argudiatu dute sagardogileek: "Inflazioak eragindako igoerak, eragin zuzena dute sagardoaren kostuetan ere, beiraren, kartoiaren, energiaren eta gasoilaren igoerak eraginda nagusiki. Sektore gehienetan pasa den moduan, prezioak eguneratu beharra dauka sagardo sektoreak ere, egungo egoerari aurre egin ahal izateko".
Sagardogintzak, bideragarria izateko, eskaintzen duenaren neurriko prezio bat behar duela uste dute: "Merezi duen edari bat merezi dugu, eta lehen sektore osasuntsu batean oinarritutako kalitatezko edaria merezi dugu".