Elhuyar hiztegiko bisita-kopurua %50 igo da

Aiurri 2023ko urt. 20a, 10:10

Elhuyar

Elhuyar Hiztegiaren bisita-kopuruak gora egin du 2022.urtean: zehazki, webguneko bisitak %50 igo dira. Guztira, 6 milioi bisita baino gehiago izan ditu, eta erabiltzaileek 50 milioi kontsultatik gora egin dituzte. Datuei erreparatuz gero,  argi erakusten dute hiztegia gero eta gehiago erabiltzen dela. 

Hiztegia etengabe eguneratzen den baliabidea da, eta 2022an, esaterako, 966 sarrera berri gehitu dira (antiespezista, autozainketa, heteronormatibo...), eta beste 1.003 unitatetan aldaketak egin dira (liburu euskarri, ahogozagarri...). Eguneratze-lan horietarako, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntza jaso du hiztegiak.

Gainera, eguneratze horiez gain, Elhuyar Hiztegiak hizkuntza berdinzalea erabiltzea du helburu, eta, hori horrela dela ziurtatzeko, 2022an ere hiztegiko zenbait lagin aztertu dira, hala nola: edukiak genero-ikuspegiarekin aztertu eta lexikoaren eta hizkuntzaren erabilera baztertzaile oro berrikusi eta moldatu da, desberdinkeria eta bereizkeriarik gabeko tratamendua bermatuko duen hiztegi bateranzko pausoak emateko. Berrikusketa-lan hori bi mailatan egin da, batetik, lexiko baztertzailetzat har daitezkeen sarrerak dagokien gutxiesgarri markaz hornitu dira (ematxar, maritxu); bestetik, hiztegiko adibideen gaineko errepaso sakona egin da, genero-ikuspegiarekin loturiko estereotipoak saihesteko (haragikoi) eta emakumearen ikusgarritasuna bermatzeko ("sarrailagile gisa lan egin nuen: trabajé como cerrajera”). Lan ildo horretarako, Laboral Kutxaren laguntza jaso du Elhuyarrek.

Aldaketa horiek guztiak egiteko, hainbat iturri erabiltzen ditu Elhuyar Hiztegiak: corpusak, beste zenbait baliabidetatik erauzitako edukia, Euskaltzaindiaren Hiztegia eta erabiltzaileen iruzkin eta proposamenak.

Elhuyar Hiztegiaren mahaigaineko aplikazio berria
Urte berriarekin batera, Elhuyar Hiztegia ordenagailuan instalatzeko aukera gehitu da. Hiztegia norberaren mahaigainean instalatu eta handik erabiltzeko aplikazio bat jarri da erabilgarri. Aplikazio horren bidez, ordenagailuko edozein programatatik kontsultatu daitezke euskarazko, gaztelaniazko, frantsesezko edo ingelesezko hitzak Elhuyar Hiztegian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!