Lehen arretaren kalitatea nabarmen jaisten ari da, eta hori nabaria da gure herrietan; itxaron zerrenda luzeak, osasun langileen ordezkoen falta, euskaraz artatua izateko ezintasuna... Hori gutxi balitz, eskualdeko ospitale publiko baten faltak arazoa areagotu besterik ez du egiten.
Osakidetza inflexio puntu batean dago eta orain da garaia etorkizuneko osasun sistema publiko baten oinarriak zehazteko. Garaiz gaude oraindik Tolosaldeko osasun sistema integrala guztion ahotsarekin eta elkarlanean diseinatzeko. Guk, udal ordezkari gisa dugun erantzukizunetik berriz ere eskua luzatzen diogu Osasun Sailari ariketa hau seriotasunez burutu dezan.
Jakina da, eskualde ospitale bat ez dela epe motzean egingo eta bitarte horretan ere gure eskualdeko herritarrek eskubide osoa dute duintasunez artatuak izateko. Hori horrela, bat egiten dugu TOPAk larunbat honen goizeko 12:00etan, Donostiako ospitalean antolatu duen elkarretaratzearekin eta Tolosaldeko herritar orok, hala nahi izanez gero, Donostian artatua izateko duen eskubidea bermatzea eskatzen dugu.