"Uste ez genuen laguntasun harremana sortu dugu, boleibolari esker"

Alba Cabrera Jauregi 2023ko ots. 9a, 07:24

Maider Etxaburua eta Ilazki Etxeberria

Joan den irailean sortu zen Aiztondoko NKT boleibol taldea, eta ez edonola, gainera: indartsu dator eta pixkanaka ezagutzen ari diren kirolaz gozatzeko gogo handia dute taldekideek

Abiapuntu futbola izan bazuen ere, azkar baino lehen zabaldu da beste zenbait kiroletara: buru-belarri dabil Aiztondoko emakumezkoen boleibol taldea. Ilazki Etxeberria billabonatarraren nahiz beste lagun batzuen ekimenez iritsi zen kirol honetan trebatzeko proposamena klubaren ateetara. Hala, Maider Etxaburuaren pareko, makina bat neska gaztek eman zuten izena. Talde berekoak dira bi kideak, eta asteazkenero nahiz ostiralero biltzen dira Arratzainen entrenatzeko.

Hastapenak futbolean izan arren, boleibolera ere jauzi egin du NKT klubak.

Ilazki Etxeberria: Joan den urteko uda partean, gutxi gorabehera, boleibolaz interesatzen hasi ginen lagunak. Eskolaz kanpoko jarduerak utzita genituen eta futbola ez den beste kirol bat egin nahi genuen, zerbait desberdina. Boleibola aukeratu eta Hernanin edo Tolosan jokatzea pentsatzen ari ginela, Aiztondoko taldea osatu zen. Gure gurasoak NKTko kideekin jarri ziren harremanetan: hasiera batean, futbolarekin nahiko lanpetuta zebiltzala esan ziguten, guztia berria zelako. Baina neska talde bat batu ginen, eta, azkenean, proposamena gauzatu zen. Denbora tarte laburrean, jende pilak eman zuen izena. Hiru talde sortzea lortu dugu: lehena, infantil kategorian eta beste bi, kadeteetan. Hasiera batean, ia 40 bat lagun ginen kadeeteetan; azkenean, hamabost eta hamahiru jokalariko bi talde osatzea lortu dugu. Infantiletan ere beste horrenbeste daude.

Zuk, Maider, nola izan zenuen proposamenaren berri?

Maider Etxaburua: Sare sozialen berri izan nuen, baino ez nintzen taldean sartzeko gai ikusten. Baina, gero, kuadrillako baten proposamenez, eta, amak animatuta, azken-azken momentuan eman nuen izena, eta, eskerrak! Oso esperientzia polita izaten ari da.

Ate berri bat ireki zenuten Aiztondon, eta, gainera, gustokoa. Zein herritako jendeak osatzen duzue taldea?

M.E.: Gure taldean, Amasa-Villabonakoak zein Zizurkilgoak gara gehienak; Tolosako bat ere badago. Beste taldeetan, aipatutakoez gain, Andoaingo jendea ere batu da.

Kirolaz gozatzeko parada ez ezik, bailarako jende berria ezagutzeko aukera ere bermatu dizue boleibolak.

I.E.: Aspalditik ezagutzen nituen asko, baina ez nuen inoiz pentsatu horrelako harremana lortuko genukeenik: gehiago gerturatu gaitu boleibolak. Uste ez genuen laguntasun harremana sortu dugu, boleibolari esker.

Emakumeei, soilik, zuzendutako kirol proiektu gaztea da NKT. Pozgarria izan al zen zuentzat klubaren sorrera?

I.E.: Hasiera batean, inpresioa eragin zidan, jendeak beti futbolera jotzen duelako, batez ere; jada, badira kirol horretako ekipoak. Ez nuen pentsatzen Aiztondok taldea osatzeko indarra edukiko zukeenik, baina uste baino jende gehiagok babesten du kluba. Oso harro gaude, eta atera daitezela kirol gehiago.

M.E.: Ez genuen uste hainbeste kidek babestuko zutela boleibol taldea. Bada, egun, hiru talde ditugula ikustea izugarria da, eta jendearen bultzada daukagu.

Eta bide onetik jarraitzeko aurreikuspenak egiten al dituzue?

I.E.: Guztiaren gainetik, gogotsu gaude. Gure artean asko animatzen gara eta gehiago batzen gaitu horrek. Elkarri laguntzeak egiten gaitu talde sendo.

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!