Kalejira koloretsua, Euskal Eskola Publikoaren alde

Aiurri 2023ko ots. 12a, 16:38

Aiztondo Euskal Eskola Publikoaz Harro! ekimenak deituta, kalejira koloretsua egin zuten atzo Zizurkil eta Amasa-Villabona artean. Taldeko argazkia atera ondoren abiatu ziren eskualdeko eskola publikoetako ordezkari eta familiak, trikiti doinu eta kolorez beteriko kalejira alaian. Euskal Eskola Publikoaren aldarria egin zuten kaleetan barrena.

Ehunka herritar elkartu ziren Zizurkilgo Joxe Arregi plaza eta Villabonako Errebote plazaren arteko bidea kalejiran egiteko. Lagun izan zituzten erraldoi eta buruhandiak eta Loatzoko trikitilariak. Aiztondo bailarako eskola publikoetako kideak bildu ziren ekimenean. Kolorez eta musikaz alaitutako kalejira izan zen, Errebote plazan amaitu zena.Bertan egin zuten ekitaldian, Euskal Eskola Publikoaren aldeko hitzak entzun ahal izan ziren, eta bailarako eskolako ordezkariek hartu zuten hitza. Txalo artean amaitu zen ekitaldia eta jarraian, bertaratutako haurrek buruhandiekin jolasean ibiltzeko aukera izan zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!