Torturatuek aitortza eskatzen segitzen dute

Xabier Lasa 2023ko ots. 26a, 08:46

Torturatuen agerraldian, besteak beste, Ander Armendariz, Ainhoa Crespo, Jesus Gomez, Ketxus Perez, Xabier Arruti, Iker Arnaitz, Aritz Arnaitz, Andoitz San Sebastian eta Josu Iraola andoaindarrek hartu zuten parte.

Torturak jasandako herritar talde handi batek Intxaurrondon agerraldia egin zuen otsailaren 11n, Egia Zor Fundazioak antolatuta. Eskaera argia egin zieten bi gobernuei: Torturaren errealitatea "itzaletik argira" ateratzea eta "torturatuon aitortza eta erreparazio sozial, politiko eta instituzionalean sakontzeko konpromisoa".

Ekitaldian Kriminologiaren Euskal Institutuak Nafarroan eta EAEn egindako txostenak izan zituzten aipagai: "Duela aste batzuk aurkeztu zion Kriminologiaren Euskal Institutuak torturaren gaineko txostena Nafarroako Gobernuari. Txosten horrek, gutxienez, 1960tik 2015era arteko 1.068 tortura kasuren zifra lazgarria jarri du mahai gainean. 2017an, Euskal Autonomia Erkidegoan aurkeztutako txostenean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 4.113 tortura kasu atera zituen argitara institutuak, 2021ea, 198 kasu gehiago gehitu zituzten, orotara, 4.311 tortura kasu baieztatuta. Bi ikerketen baturak errealitate gordin bat azalarazi du 1960tik hona Hego Euskal Herrian: 5.379 tortura kasu, datu ofizialen arabera". Errealitate horrek erakutsiko luke haien ustez, "modu masibo eta sistematikoan torturatu" dela.

Joseba Arregi gogoan

Joseba Arregi gogoratu zuten Zizurkilen bere izena daraman plazan otsailaren 12an, torturaz erail zutela 42 urte bete direnean. Senideek, lagunek eta herritarrek lore eskaintza egin ostean, Nekane Txapartegi asteasuarrak hartu zuen hitza, Egiari Zor Fundazio antolatzailearen izenean. Torturatik bizirik atera diren pertsonek zeresan handia dutela adierazi zuen: “Tamalez, gure gorputzetan jasan genuenok ondo dakigu torturak ez zuela soilik gure iraganean eragin; egunerokotasunean pairatzen ditugu ondorioak eta etorkizunera proiektatuko dira egoera hau eraldatzeko neurriak hartu ezean”.

Torturatutako emakumeei, mezua

Emakume torturatuei bereziki luzatu zien mezua Nekane Txapartegik, hitzartzearen amaieran: “Gure emakume gorputzak guda zelai patriarkal bihurtu zituzten komisaldegietan. Hitz egin dezagun politizatutako gorputz horietatik, antolatu dezagun mina eta izan gaitezen torturaren aurkako borrokan akuilu. Bortxatu gintuzten-zituzten gorputzak sujeto politiko bihurtuz aitortzaren eta egiaren bila. Memoria bizidunak gara eta gehiegi, oraindik ere, entzungor eta ikusi gabe jarraitzeko”.

 

Artikulu osoa irakurgai Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!