Aiztondo Klasika bertan behera geratu da

Jon Ander Ubeda 2023ko mar. 2a, 07:14

Iazko podiuma.

Andoaingo Txirrindulari Eskolako eta Danenako kideak ere lasterketarik gabe geratu dira, asteburu honetarako iragarrita zeuden kadete eta junior mailakoak bertan behera geratu baitira. Arazoaren muina lasterketan lotura lanak egiten dituzten motozaleen egoeran dago.

Motozaleek boluntario lana egiten dute, eta lasterketa bakoitzean trafikoa bideratzeko ezinbestekoa da euren lana. Baina langintza hori ez dago onartuta, ezta araututa ere. Denboraldiaren hasierarekin batera, presio modura, lasterketak eten egin dira eta horrek eragina izango du martxoaren 12rako iragarrita zegoen Aiztondo Klasikan.

Ertzaintzak lasterketei aurre egiteko zailtasunen aurrean, federazioak moto bidezko loturak egiten dituzten boluntarioekin lan egiten du. Hauek ordea euren burua eta motoa aseguratuta egotea eskatzen dute. Hori lortzeko egin diren eskaerek fruiturik eman ez dutenez, lasterketak etetea erabaki du Gipuzkoako Txirrindulari Federazioak: “Gutxieneko segurtasun baldintza horiek bermatzeko ezintasun hori ikusita, lasterketa gehiengoak egiten dizkiguten moto lotura taldeek egoera konpondu arteko geldialdi bat egitea erabaki dute. GTXFk eskaera hauek zentzuzkoak ikusten dituenez eta helburua gure kasa lortzerik izan ez dugunez Erakunde Publikoei laguntza eskatu diegu arazo honi irtenbide bat emateko. Bienbitartean, Gipuzkoako Errepideko lasterketak bertan behera geratzen dira”.

Aiztondo Klasikaren batzorde eragilearen mezua

23 urte azpiko egutegian, estatu mailako proba seinalatua da Aiztondokoa. Bart lasterketa bertan behera geratuko zela jakinarazi zien: “Aiztondo zuzendaritza Batzordeak bilera egin ostean eta Gipuzkoan txirrindulari lasterketak antolatzeko sortu diren arazoak tarteko, Martxoaren 12an jokatzekoa zen XIX. Aiztondo klasika Patxi Alkorta Memoriala bertan behera uztea erabaki dugu. Antolakuntza honek betiko borondate eta ilusioarekin lan egin du aurten ere karrera aurrera ateratzeko, baina dauden arazoak medio, ezinezkoa zaigu karreraren segurtasuna bermatzea eta horren aurrean amore eman beste irtenbiderik ez dugu ikusi. Arazoak ez dira guri dagozkigunak, oinarrizko ziklismoak oro har sufritzen dituenak baizik eta horren aurrean ezinezkoa zaigu dauden oztopo guztiak gainditzea. Galera handia da, Aiztondok izen ona lortu du urte guzti hauetan, txirrindulari, talde, zale, babesle eta bailarako herritarren artean, baina modu honetan ezinezkoa da karrera antolatzea”.

 

Gipuzkoako txirrindularitza federazioaren agiria

“GTxF beraien lasterketetan laguntzaile lanak egiten dituzten motolotura kideekin adierazi nahi du Gipuzkoako txirrindulari lasterketetan jasan ditugun segurtasun arazoen aurrean, ondokoa:

  1. Gipuzkoako Ertzaintzaren Trafiko sailak kide gutxi ditu Gipuzkoako Txirrindulari lasterketei aurre egiteko.
  2. Honek derrigorrezkoa egiten du moto loturako kideak izan beharra txirrindulari lasterketen segurtasuna osotu dezaten.
  3. Moto lotura kide hauek bolondres egin izan dute ikaragarrizko lana txirrindulariprobetan, baino arazo batzu jasan izan dituzte eta hauen aurrean eskaera batzu egin dituzte. Eskaera hauek laburbildu daitezke beraiek fisikoki aseguratuta egotea eta berain persona motoak osotasunean, beraien lan herramientak, motorrak, jasan ditzakeen matxurak aseguratuta izatea, eta baita ere beraien erropa, kasu honetan segurtasun erropa dena.

Jakin arazi nahi da moto lotura lantegia ez dago onartuta, ez inongo kirol araudietan nola datorren Euskal Kirol Legean ere ez, eta ezinbestekoa da hori. Horregatik hauek ondo egotea ezda erreza, baino ez dugu gure helburuan etsiko, horregatik egon daitezkeen aukera guztiak bilatzen ari gara gure behar hori estaltzeko.

Gutxieneko segurtasun baldintza horiek bermatzeko ezintasun hori ikusita, lasterketa gehiengoak egiten dizkiguten moto lotura taldeek egoera konpondu arteko geldialdi bat egitea erabaki dute. GTXFk eskaera hauek zentzuzkoak ikusten dituenez eta helburua gure kasa lortzerik izan ez dugunez Erakunde Publikoei laguntza eskatu diegu arazo honi irtenbide bat emateko. Bienbitartean, Gipuzkoako Errepideko lasterketak bertan behera geratzen dira antolatzaileek gutxieneko segurtasun hori lortzen ez duten bitartean. Ez dugu ahaztu behar ezta ere Frantziako Tourrean ikustea izango dugun txirrindulari profesional horietako askok beraien hasierak txirrindulari eskoletan, kadete, junior eta 23 urte azpiko lasterketetan izan dituztela. Hau da, orain antolatzeko zailtasunak ditugun horietan!".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!