Amaitu da 111 Akademiaren lehen bozketa-txanda

Aiurri 2023ko mar. 2a, 10:42

Nerea ibarzabal. Iturria: Susa argitaletxea

Bost eleberri igaro dira 111 Akademiaren bozketa-txandren amaierara: urtarrilaren erdian martxan jarri eta otsailaren 26ra bitarte egon zen aukera bozkatzeko. Honako hauexek iritsi dira hurrengo fasera: Azken Etxea (Arantxa Urretabizkaia), Bar Gloria (Nerea Ibarzabal), Desertuaren behatxuloa (Anjel Lertxundi), Erretzaile damutuen konpainia (Aingeru Epaltza) eta Ez erran inori (Maddi Ane Txoperena). 

Lehenengo bozketa txandan Arantxa Urretabizkaiaren Azken Etxea, Nerea Ibarzabalen Bar Gloria eta Anjel Lertxundiren Desertuan behatxuloa izan dira lanik bozkatuenak, baina horietako bakar batek ere ez du lehenengo txandan saridun izendatzeko behar den botoen % 30 lortu. Beraz, 111 Akademiaren arautegian zehaztutakoa jarraituz, boto gehien jaso duten bost obrak bigarren bozketa txandara igaro dira.

Hori horrela, martxoaren 26a baino lehen bidali beharko dute akademiakideek horietako baten aldeko botoa. Bigarren buelta horretan libururen batek jasotako botoen % 40 bereganatuko balu, 111 Akademiak huraxe izendatuko luke 2022ko saridun. Kopuru horretara iristen den lanik ez balego, berriz, bi bozkatuenak finalera igaroko lirateke. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!