Erremontea

"Mailarik onena ematen saiatuko gara"

Mikel Arberas 2023ko mar. 2a, 11:19

Jon Irazu eta Aritz Eskudero

Jon Irazu adunarrak eta Aritz Eskudero andoaindarrak erremonteko profesional mailan debutatuko dute larunbatean, Galarreta frontoian. Jendetza espero dute armailetan.

Jon Irazu adunarrak eta Aritz Eskudero andoaindarrak urteak daramatzate frontoiz frontoi lehiatzen. Irazuk esku pilotatik erremontera egin zuen jauzi, eskumuturreko ebakuntzaren ostean, eskuz jarraitzeko eduki zituen arazoak medio. Eskudero, berriz, esku pilotatik palara igaro zen; larruzko eta gomazko paleta modalitatean aritu zen. Ondoren, erremontea probatu eta Galarretan entrenatzeari ekin zion.

Nolatan hasi zineten erremontean jokatzen?

Aritz Eskudero: Jon eta biok Gaztelekuko pilotariak izan gara urte luzez. Umetatik, pilota eskolan jokatzen eta entrenatzen aritu gara, beraz, erremontean aritzeko gaitasuna, neurri batean, pilotari izaeratik datorrela esango nuke. Zera esan nahi dut, erremontean duela gutxi ikasi nuela jokatzen, baina esku pilotaren oinarria jakitea oso lagungarria izan dela erremontean aritzeko.

Nire kasuan, esan bezala, urte luzez aritu naiz eskuz jokatzen, baina, egun batean, aspertu edo grin hori galdu nuen eta pala mundura igaro nintzen. Palan oso gustura jokatzen nuen arren, erremonteak asko erakartzen ninduen, eta, aukera eduki nuenean, Imanol Ansarekin probatzera joan nintzen. Egun, lehenago erremontean hasi ez izanaren damu naiz.

Jon Irazu: Aritz bezalaxe, umetatik pilota munduan murgilduta egon naiz. Urte luzez pilotan jokatzen aritu ostean, eskumuturretik operatu ninduten eta, ondoren, zailtasunak eduki nituen berriro pilotari ekiteko. Egun batean, duela lauzpabost urte, erremontea probatu eta oso erakargarria egin zitzaidan, gaur arte.

Lagunak izateaz gain, lehiakideak ere bazarete. Urrutira joan gabe, iragan ostiralean, erremonteko finalean elkarren aurka aritu zineten.

A.E.: Egia esan, nahiko argi nuen Jon eta biok ez genuela bikote gisa jokatuko. Hala ere, txapelketa polita jokatu dugu eta ia partida guztiak oso orekatuak izan dira. Profesional mailan ere elkarren aurka jokatzen jarraituko dugu, seguruenik.

Datorren larunbatean profesional mailan debutatuko duzue, Berria txapelketan. Esperotako zerbait al zen?

A.E.: Duela bi aste mezu bat bidali ziguten, entrenamendua baino lehenago, Oriamendiko ofizinatik igaro behar genuela esanez. Bertan, kontratuaren zehaztapenak eman zizkiguten. Bi beharrean, lauok debutatuko dugu, agian, ala suertatu delako.

J.I.: Afizionatuen txapelketa hasi aurretik jakinarazi ziguten pare bat kidek profesionaletara jauzi egingo zutela. Esku pilotan horrelakoak sarritan gertatzen dira; zera esan nahi dut, zorteagatik edota bat-bateko beharrizan batek sortuta, espero gabeko pilotariren batek debutatzea. Kasu honetan, guri egokitu zaigu eta ahal bezain beste ahalegintzen saiatuko gara.

Profesionala izatearen presioa sumatzen hasiak al zarete?

A.E.: Ez dut horrenbesteko presioa sumatzen. Profesional gisa ez naiz aberastuko eta ez da nire bizibidea izango. Hori bai, maila onena ematen ahaleginduko naiz, eta, sufritzeaz gain, momentuaz gozatzea izango dut xede.

J.I.: Beste partida guztietan bezalaxe, mailarik onena ematen saiatuko naiz. Agian, presio apur bat debuteko egunean sentituko dut, lagunak eta senideak ikustera bertaratuko baitira. Hori alde batera utzita, nahiko lasai nago.

Nola aurreikusten duzue profesionaletako ibilbidea?

A.E.: Ezjakintasuna nagusi, jauzi handia baitago afizionatuen mailatik profesionaletara, baina, oraindik, ez dugu aukerarik eduki beste pilotariekin alderatzeko. Txapela irabazteko aukera dugun bezala, azken postuan ere gera gaitezke. Larunbateko partidan zalantza ugari argituko ditugu.

J.I.: Afizionatuen mailan betikook entrenatzen dugu elkarrekin, beraz, ez daukagu beste erremontistekin alderatzeko aukerik. Hau da, ez dakit gure maila zenbateraino den besteen antzerakoa. Aritzek esan bezala, ezjakintasuna nagusi!

Berria txapelketa

Larunbatean ekingo zaio Berri txapelketari; berrikuntzen artean, lau erremontisten debuta egongo da: Jon Irazu, Aritz Eskudero, Urtzi Gurrutxaga eta Aitor Aiestaran.

Txapelketa ligaxkarekin hasiko da eta bi taldetan banatuko dira. Batetik, A taldea: Goikoetxea-Aiestaran, Urrutia-Apezetxea eta Gurrutxaga-Zaldua. Bestetik, B taldea:  Loitegi-Eskudero, Zaldua-Odei eta Irazu-Zubiri.
16:30ean hasi eta hiru norgehiagoka jokatuko dira, Galarretan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!