M8 - Emakumeen Nazioarteko Eguna

Ehunka lagun Villabona eta Zizurkil batu dituen Martxoaren 8ko manifestazioan

Aiurri 2023ko mar. 8a, 21:02

Ehunka herritarrek, emakumeak gehienak, Villabonako Errebote plazatik abiatu eta Zizurkilgo Joxe Arregi plazaraino egin dute manifestazioa, “Denon bizitzak erdigunean” zioen pankarta aurretik zutela. Besteak beste, honako leloak aldarrikatu dituzte: “Zaintza sistema publikoa”, “Gure lanindarra, zuen negozioa”, ”Zaintzarik gabe, duintasunik ez!”, edota, “Gora, gora, gora, zaintzaileon borroka!”. Argazki galeria, ikusgai:

Aiztondoko Mugumendu Feministak deituta egin den manifestazioari amaierari emateko, Zizurkilen iaz berreskuratu zuten Irradaka dantza-saioa egin dute bertaratu direnek, borobilean jarrita eta eskutik helduta.

Bestalde, Amaia Agirre bertsolariak, honako hiru bertso abestu ditu Joxe Arregi plazan:

Emakumeen eguna

eskubideen aldarri,

lan baldintza duin batzuk

nahi dituena oinarri,

genero arrakalarik gabe

parekidetasunaren alde.

Iraultza denen uztarri

zaintza erdigunean jarri

ta gure iraultza iragarri

eta lagundu elkarri.

 

Lan munduan azpiratze

eta morrontza isila.

Errugabe den hamaika

jipoitu ta eraila.

Zaintza ez da hitz femeninoa,

ezezkoa da hautu irmoa,

irauli daigun tortila.

Zaintza bada gai unibertsala,

gizon oro ere berehala

borrokan hasi dadila.

 

Nor ez da eskubideen

ta hitzaren aktibista?

Sutara mundu matxista

eta diskurtso faxista.

Ahizpatasuna ta ahalduntzea

hori da elkarri laguntzea.

Erdigunea konkista

kunplimenduzko kuotak fuera

ta atera gaitezen kalera.

Gora iraultza feminista!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!