Elosiaga gaztak eskualdeko larretan aurkitu du bazka

Xabier Lasa 2023ko mar. 9a, 09:54

Abel Segurola, Ander eta Amaia anai arrebak eta Andoni Zumeta, Andi zakurrarekin, Buruntzan.

Goiburutik Buruntzara, eta Andazarretatik gora Azpeitia aldera doa artaldea. Urnietan, Goiburu auzoko Enbutegi baserriko larretan bi astetan eduki dute artaldea, eta egunotan, Irurain Berri etxeko lur sailetan daukate, Andoaingo Buruntza auzoan. Segurola Azkue familiak kudeatzen du artaldea. Erantsita doan bideoan, Urnietatik Buruntza auzora egindako ibilbidea ikus daiteke: 

 

Azpeitiako Elosiaga auzoan kokatzen den Etxe Txiki baserria da bere bizitokia, eta Elosiaga Idiazabal jatorri izendapena daukan gazta ekoizten du. Herritik herrirako halako leku aldaketetan, autoen errepideetatik igaro behar izan du; ikusgarria egiten da haien ibilaldia, eta Urnietatik Andoaingo bidea joan den otsailaren 25ean egin zutenean ere, makina bat lagun geratu zitzaizkien begira-begira, auto-gidariak, oinezkoak zein bizilagunak leiho eta balkoietatik. Hainbat bideo-grabazio eta argazki “jasan” behar izan zituzten bidean, Amaia Segurola familiako alabak aipatu zuenez, "kaletarrek gauza exotikotzat hartzen dute artaldea kalean ikustea".

Artaldea Buruntzako larretarako bidean

 

Laster, Azpeitiara itzulera

Egunotan transhumantzia txikia egingo dute, Buruntzatik abiatu, eta Sorabillan, Belkoainen, Zarate Bentan eta Andazarraten barrena iritsiko dira bizitokira. Eta azkenik, handik, ardiak kamioan sartu eta Aralarreko larretako bazka goxoen bila abiatuko dira, neguaren joanarekin eta udaberriaren etorrerarekin batera.

Elosiaga gazta Azpeitiako merkatuan ez ezik, BM eta SuperAmara saltokietan topa daiteke; zuzeneko salmenta ere egiten dute.

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!