"Ingurumena enpresen iraunkortasunaren parte" zikloa antolatu du Beterri-Saretuz ekimenak

Aiurri 2023ko mar. 27a, 12:07

Iturria: Beterri Saretuz

Enpresetan ingurumenak duen garrantziaz jabetzeko saioa antolatu du Beterri Saretuz ekimenak, hilaren 29an, Usurbilgo Lanbide Eskolan, goizeko 11:00etatik 13:00etara. Isladak aholkularitza kooperatibako Aiala Zubietak gidatuko du eta eskualdeko kooperatiba, proiektu nahiz erakundeei zuzenduta dago saioa eta izena emateko epea zabalik dago oraindik.

Biodibertsitatearen galerak, airearen kalitateak eta klima aldaketak enpresetan izan dezaketen eraginaz eta inpaktuaz hitz egingo dute bertan.

“Noizbait pentsatu al duzu gure enpresa edo erakundeek nola eragiten duten alderdi horietan guztietan? Askotan uste izan da ingurumenean inpaktu negatiboa soilik munduko enpresa handiek sortzen dutela, baina, guztien jarduteak, enpresa handi zein txiki, industrial zein zerbitzuetakoak, eragin dezake ingurumenean”

Formazio saioaren ostean, bisita gidatua ere eskainiko du Beterri Saretuzek: Usurbilgo Lanbide Eskolako instalazio fotovoltaikoa ezagutzeko aukera izango da 13:00etatik 13:30era. “Instalazio guztia agerian duen bakarrenetakoa da eta dena ikusi ahal izango dugu”, azaldu dute. Formazioan izena emateko aukera zabalik dago oraindik eta Beterri Saretuzen webgunean egin daiteke.

Honakoa, Beterri-Buruntzako ekonomia eraldatzailearen sareak antolatzen duen aurtengo hirugarren eta azken formazio saioa izango da. Aurretik, entzute metodologia nola garatu eta enpresetan berdintasuna nola landu aztertzeko saio bana egin dira, Andoainen eta Hernanin, hurrenez hurren. Beterri Saretuzek Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza bat  izan du saio hauek guztiak antolatzeko.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!