Eñaut Urkaregi Sanz (Zizurkil, 15 urte) kadete mailako txirrindulariak Itzuliko hirugarren etapako azken 25 kilometroak egin ditu Aiurri-rentzat. Mallorca aldean ibili da lehiatzen, eta astelehenean atseden eguna bazeukan ere, prestutasunez egin ditu ‘aktore’ lanak. Jon aitarekin azaldu da Anoetara, baina aitak eskualdeko bailaretako malkarretan semea laguntzeari uko egin dio.
Ondo ezagutzen dituzu errepideok, Eñaut, ze iritzi daukazu?
Etapa bihurria da, eta osagai arriskutsu asko dituela esango nuke: errepide estuak, bihurgune gaiztoak, aldapa motzak baino pendiza handikoak, errekuperaziorako astirik ez apenas… Mina egingo duelakoan nago, eta eguraldia txarra bada, triskantza handia sortuko du. Kokapena erabakigarria izango da, eta tropel buruan egotea funtsezkoa izango da.
Asteasuko Sarasola sagardotegiko aldapa, Zizurkilgo kanposantu zaharrera daraman bidea, Aduna eta Amasan dagoen Hika txakolindegiko aldapa ditugu menuan.
Zer aurkituko du tropelak lau koska horietan?
Komeriak. Sarasola sagardotegikoak kilometro erdi gaiztoa dauka benetan, %15etik gorako pendizak, eta jaitsiera ere oso teknikoa da: estua, aldapa-gainalde pare bat, eta 180 graduko bihurgune gaizto samarra. Tropela asko murriztuko da, eta zaila izango da Olentzoko zuzen gunera 40-50 lagun iristea. Sarasolan atzean geratzen denak ez du aurrean sartzeko aukerarik izango, kilometro eta erdiko tartea bakarrik baitago jaitsiera bat bukatu, eta bigarren igoera hasi bitarte. Zizurkilgo kanposantuko aldapa ere oso bihurria da. Sarasolakoa baino motzagoa, akaso, baina malda handikoa. Zizurkil goikora sartzeko errepidean adi ibili behar da, eta Adunara daraman jaitsiera eta kilometro eskaseko ordeka txistu batean egingo ditu tropelak.
Aduna ere ez da samurra.
Ez, baino errepide zabala dauka. Aduna atarira 20 bat lagun iritsiko dira, asko jota, eta onenen zaintza saihesteko toki polita izan liteke, gero Hika Txakolindegian gora ezinezkoa izango delako.
Nolakoa da Hika?
Gogorra, eta laugarren aldapa. Mina egingo du. Segundo sorta ederra irabaz dezake indartsu iristen denak. %20tik gorako maldak ditu azken 300 metroetan, eta horrek mugara eramaten du edonor.
Jumbo Visma taldeko kirol zuzendaria bazina, eta zure liderra Jonas Vingegaard balitz, zein estrategia prestatuko zenuke?
Eguneko ihesaldian ordezkariren bat sartu, eta Sarasolan eta Zizurkilgo kanposantuko bidean erasoa jo. Tarteko ordekatan aurretik doan taldekidearen laguntza jaso, eta azken aldapan, tartea handitu.
Erabakigarria izango al da Amasa-Villabonako etapa Itzuliko garailea erabakitzeko?
Baiezkoan. Itzulian etapa guztiek dute zailtasunen bat, baina bukaera honek min handia egingo du.