Biodibertsitatearen galera, berotegi efektua eta natur zizkloen aldaketak modu larrian nabarmendu dira leku guztietan.
Planetaren mugak antzematen hasiak gara eta ez dirudi indarrean dagoen eredu sozio-ekonomiko hau jasangarria denik.
Izaera desberdineko erronkak dauzkagu. Zalantzan jarri beharko ditugu egun ohikoak diren produkzio, ugalketa, elikadura, garraio eta energia ereduak. Zalantzan jarri eta sakonetik aldatu.
Material eta energia kontsumoak muga ekologikoetan kokatzea ezinbestekoa da.
Garraioarekin, mugikortasunarekin, arazo itzela daukagu. Garraio publikoa indartzearekin batera, ekonomia zirkularra garatuz eta gertuko produktuak babestuz hasiko gara arazoa bideratzen.
Sektore elektrikoaren izaera publikoa berreskuratzea ajendan jarri beharko da, ezin delako hain eremu estrategikoa Repsol eta Iberdrola bezelako oligopolioen esku utzi, beraien irabazi pornografikoak pobrezia energetikoa eragiten ari diren bitartean.
Eta energia berriztagarriak garatzen hasi, nola ez.
Aldaketa estrukturaletaz eta maila desberdinetan gauzatu beharko diren politiketaz ari gara, mundu zabaletik hasi eta edozein herri/auzora iritsi beharko dutenak.
Modu planifikatu batetan aurre eginez eta jendearen partehartzea sustatuz; eta ez urgentzi aitzakiak medio, herritarren iritzia alboratuz.
Baina hemen, energia berriztagarrien instalazioen kokapena jasotzen duen EAEko Lurraldeko Antolamendu Plana onartu gabe dago oraindik. Gogoratu 2002ko Plan zaharrak, 17 eoliko aurreikusten zituela Gazumen... Eta jendearen borondatearen gainetik, beti, beti, Tapia Legea egongo dela.
Udal gehienetan, ez dago kontsumo azterketarik eta ezin da jakin zein ahalmen energetiko gordetzen duten herriko teilatuek.
Asteasun eta Andoainen aurkeztu berri dizkiguten autokontsumo proiektuak Tokiko Energia Komunitateak direla esaten digute. Nere ustez, nekez esan daiteke izen hori merezi dutenik.
Energia Komunitate bat ez baita edozein jabegok bere eraikinean egin dezakeen zerbait, hots, teilatuan plakak jarri eta argi-indarra banatu. Hortik haratago doazen helburuek definitzen dute Energia Komunitate baten izaera.
Ez da soilik fakturan dirua aurrezteko tresna bat, ekimen kolektiboa baizik. Tokian-tokiko baliabideak erabiliz kontsumo eredu arduratsu eta jasangarriagoak bultzatzeko bitarteko bat, gizarte kohesio handiagoa sustatzeko eta burujabetasun anitzetan aurrera egiteko balioko duen bitartekoa.
Azken finean Energia Komunitateak prozesu baten ondorioa izan beharko luke, herritarren hausnarketa eta ahalduntze prozesu baten emaitza.
Andoaingo Udalak edo Gipuzkoako Foru Aldundiak Asteasu bezelako herri txikietan bultzaten ari diren ereduek, ez daukate zerikusirik lehen aipatutakoarekin. Ez da prozesurik egon eta REPSOLen marka bat (EDINOR) hasiko da instalazioak kudeatzen. Ez dago kontsumo azterketarik eta Komunitate Energetikoaren funtzionamendu arauak nahiz eta ezarrita egon, ez dituzte plazaratzen. Ezin da asmatu nola aukeratuko diren zuzendaritaza organoak, edota bono-soziala daukaten herritarrek parte hartzerik izango duten. Ezta ere pobrezia energetikoa sufritzen duten herritarrak kontutan izango dituzten.
Hori bai, aurkeztutakoaren arabera EDINOR-ek argi-indarraren prezio onak lortuko dizkie Komunitatekoei berak proposatutako Komertzializadora pasatzen badira. Agian Repsol jabe den “Repsol-luz” edo “Gana energia”ra pasatzeko proposatuko diete?
Badirudi Edinorrek, kontsumitzaileen putzu moduan baliatzen duela Energia Komunitatea, ondoren bezeroak multzoka arrantzatzeko. Hala ere ez da harritzekoa, multinazionalak transizio energetikoetaz aritzen direnean, negozio ereduaren trantsizioa baitute buruan.
Repsolek oso historia beltza dauka Hego Amerikan petrolio eta gas putzuen hustiaketen ondorioz eragin dituen desastre sozial eta ekologikoengatik. Hemen ere ezaguna da politika eta oligopolioaren arteko ate birakariak ondo olioztatuta izaten dituelako.
Gaur egun Edinor-eko Kontseilari Delegatua den Juan Luis Diego, arlo publikoan aritu izan da bere bizitza osoan. 2020ko urrian utzi zuen Osakidetzako Zuzendaritza kargua, eta, hiru hilabetetara, Edinorreko zuzendaritzan zegoen.
Andoaingo eta eredu berdineko Tokiko Energia Komunitateak aukera galduak suertatu dira. Okerrera ere egin dezake. Andoainen, eguzki plakak teilatuetan ez ezik, Goiburuko mendi aldean jartzeko proiektua ere aztertu zuten eta nik dakidala behintzat, ez dago oraindik baztertuta. Iruditzen zait hauteskundeak gertu dauden honetan, oso komenigarria izango litzakeela hautagaiek azaltzea zein eredu eta ze proiektu babestu edo arbuiatuko dituzten bere herrietan. Zain gelditzen gara.