Aiztondo eta Beterri bailaratan barrena ibiliko den etapa erabakigarria izan bide da, dauzkan zailtasun ezezagunengatik. Ibilbideko nobedade garrantzitsuena, hauxe: ez da erlojupekorik izango. Itxuraz proba antolatzaileen artean zabaltzen ari den joera da, bakarkako lanean espezialista petoek lortzen dituzten aldeak gehitxo izaten direla, ondoren, aurkariek horiek erabat murrizteko. Alegia, erlojupekoan iaioa denak bere espezialitatean lan txukuna egin eta aste bateko itzulia irabazteko aukera handia duela, bospasei egunetan ez dagoelako terreno nahikorik bakarkako lanean iaioak ez direnak pilatutako atzerapenari buelta emateko. Egunez egun emango den borroka indartu egiten du erlojupekorik ez egoteak, garaipena segundo gutxi batzuen bueltan erabaki baitaiteke.
Itzulia gogorra eta gaiztoa izango da. Etapa guztiek izanen dute ezustekoren bat, eta oilarrek egunero egon beharko dute zer gerta adi. Akats txiki bat nahikoa izan liteke itzulia irabazteko lehiatik at geratzeko, eta exigentzia maila oso handia izanen da.
Apirilak 3, astelehena
Gasteizen hasiko da itzulia, astelehenean. Arabako Bastidan bukatuko da, zirkuitu batean. Opakua izanen da puntuak banatuko dituen mendate bakarra, baina azken 50 kilometroetan gorabeherak etengabeak dira. Baita azken bi kilometroetan ere, Bastida herri guneko helmugan.
Apirilak 4, asteartea
Bigarren etapa Nafarroan hasi eta bukatuko da. Hego mendebaldean hasi, Bianan, eta ipar mendebaldean bukatu, Leitzan. Bigarren saioa lehenengoa baino bihurriagoa da, bost mendate baititu: Etxauri, Uitzi, Basakabi Leitzatik, Saldias eta Basakabi berriro, bigarren igoeran Doneztebe aldetik. Itzuliko etapa luzeena ere bada, ia 200 kilometro. Ihesaldietarako aproposa, tranpatxo gaiztoa du bigarren etapak: Saldias 2.3 kilometroko malkarra da, %9.2ko batez besteko pendizarekin, eta nahiko errepide estua, bihurria. Saldiastik Doneztebera txistu batean jaitsiko dira, eta Leitzara buelta plater handia kendu gabe igoko dute tropeleko onenek, Basakabin gora.
Apirilak 5, asteazkena
(*aldaketak iragarri dituzte, berriki. Astelehenean agerraldia eskainiko du Villabonako alkateak]
Hirugarren etapak Aiztondo, Beterri eta Tolosaldea bailarak zeharkatuko ditu bete-betean. Errenterian hasi eta Andazarraten barrena iritsiko da Asteasura. Lehen kiku bat egingo du ibilbideak Amasa-Villabona eta Anoeta arteko baserri bideetan. Tropelari datorkionaren abisua baino ez da izango. Altzo, Orendain eta bigarrenez Altzo igo ondoren Tolosa zeharkatu eta iparreko klasiko gaiztoen tankera hartuko du etapak. Sarasola sagardotegira daraman igoera eta jaitsiera bihurriak, aurrena. Zizurkilgo kanposantura daraman bide estua ondoren, eta Aduna herrixkara igoera batere atsedenik gabe. Adunara doan errepidea zabala da, baina kilometro luze batean daukan %10eko batez besteko pendiza ez da desagertzen. Irizar-ko biribilgunera jaitsi, eta bi kilometrotan Amasa-Villabonako hiri gunea, eta Hika Txakolindegiko aldapa iritsiko dira. Huy-ko horma labur bezala defini genezake, 300 metroan %20ko pendizak baititu. Igitaigintzan murgilduko da World Tour tropela.
Apirilak 6, osteguna
Laugarren etapa Santurtzin hasi eta bukatuko da. Arabako Aiara eta Bizkaiko Enkarterri bailaratan ibiliko da hara eta hona, eta horrek beti esan nahi du adi ibili beharreko etapa dela, paraje haietan ez baitago arnasa hartzeko aukerarik. La Asturiana izan bide da etapako epaile, helmugatik 15 kilometro eskasera dagoen bigarren mailako mendatea.
Apirilak 7, ostirala
Bosgarren etapak dirudi denetan errazena, edo zailtasun apalenekoa, profilari erreparatuta, baina desnibel metatuaren datua ikusi eta bestela pentsa daiteke, Amorebieta-Etxanon hasi eta bukatuko den saioak ia 3.000 metroko desnibel metatua baitu. Etapa honek ere zirkuitu batean izanen du bukaera, eta helmugatik pasa ostean ezustekoak gertatzeko moduko muinotxo ugari daude.
Apirilak 8, larunbata
Seigarren etapa klasikoetan klasikoa da, baina aldaketa garrantzitsu batekin. Etapa ez da Arrateko Santutegian bukatuko, bertan ehiza ekitaldia dagoelako eta ezin delako azpiegitura erraldoirik kokatu Itzulian ohikoa izan den helmugan. Mendatez jositako 140 kilometro izango dira, Eibarren hasi eta bukatu: lehen mailako Azurki, Krabelin eta Izua, bigarren mailako Gorla eta hirugarren mailako Elkorrieta, Trabakua eta Urkaregi. Tropela txikitzeko terrenoa, sobera. Etapa erabakigarriena izango ote? Julian Eraso antolakuntza taldeko buruak Amasa-Villabonako etapako ibilbidea prestatu zutenei esandakoa gogoratuko dugu, badaezpada, norberak erabaki dezan zein den etapa gogorrena: “Hika Txakolindegitik ateratzen den podiuma ez da sobera aldatuko Eibarren”. Jasoa geratzen da.
Parte hartzea eta eguraldia
Itzulia World Tour mailako lehiaketa da, eta munduko 18 talde onenak Gasteizeko abiapuntuan izanen dira. Izar gehiago edo gutxiagorekin, baina 18 talde indartsuenak. Baite Continental mailako bost taldeak ere, tartean Euskaltel-Euskadi, Caja Rural eta Kern-Pharma Euskal Herriko taldeak. Azken orduko baieztapenen zain, Jonas Vingegaard danimarkarrarena izanen da zaindu beharreko gurpila, Tadej Pogacar ez delako Itzulian ariko. Bikingoak gertutik zaindu beharko du INEOS taldeko blokea, Daniel Felipe Martinez kolonbiarra, batez ere. Ion Izagirre, Richard Carapaz, Esteban Chaves, David Gaudu, Simon Yates, Enric Mas, Mikel Landa, Pello Bilbao eta Adam Yates ere Top 10ean ibiltzeko hautagai sendoak dira, eta espero ez den norbait ere azalduko da.
Eguraldia ere gertutik zaindu beharko da, batez ere euria bada. Errepideak bustita badaude hainbat oilarrek hanka altxatzeko tentazioa izan dezakete, erronka handiagoei begira arriskurik ez hartzeko. Itzulia hasteko egun batzuk falta direla, iragarpen zehatza kolokan dago, baina itxuraz lehorretik eta freskotik izango du asko hurrengo asteak. Litekeena da ipar ekialdeko haizeak, frantzipar hotzak muturra sartzea asteazkenetik aurrera, eta horrek Europako haize hotza garraiatzen du Euskal Herriraino.