[Postontzia]

Urtetik urtera handiagoa da Errigoraren komunitatearen dirdira

Errigora 2023ko api. 5a, 08:17

Nafar hegoadeko uzta eskutik eskura: 9000tik gora kontsumitzailek egin du bat errigora balioekin.

Martxoaren 9tik 29ra bitartean ehunka herritan Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta Eskutik eskura udaberriroko kanpaina gauzatu dugu. Pozteko emaitzak eman ditu: 9000 eskaera baino gehiago eta ondorioz, 120000 litro olio eta 26000 sorta edo lote iritsiko dira hurrengo asteetan eskutik eskura, Ager eremuko baratzetatik Euskal Herri osoko sukaldeetara. Eskerron eta zorion hitzak agertzea baizik ez zaigu gelditzen:

Mila esker eta zorionak Errigoraren #ESKUTIKeskura kanpainarekin bat egin dugun guztioi! 9.000 eskaera baino gehiago jaso dugu aurtengoan. Mila esker, bihotzez, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko uztari 9.000tik gora sukaldetako atea zabaltzeagatik. Eta, era berean, zorionak, uzta jasotzearekin erein ere egingo baitugu: kontsumitzaileen partetik jasotako babes izugarria ekoizpenaren eremuan pausu berriak emateko akuilu izango da.

#ErrigoraBalioak identifikatzailea aurkeztu genuenean esan genuen bezala, berme-zigilu berria hamarkada bateko lanaren emaitza da, baina bide berri baten abiapuntu ere izan nahi du. Oinarriak finkatuta, erronka berriei aurre egiteko tresna. Horretarako Errigora Balioekin bat egiteko deia egin genuen, eta erantzunak berriz ere hunkitu gaitu. Bereziki hunkitu gaitu, ziurgabetasuna eguneroko ogi dugun garaiotan: elikadura-burujabetzara eramango gaituen bide luzea argitzeko 9.000 su txiki baino gehiago piztu zaizkigu. Errigorako boluntario eta Errigorako ekoizleok 9.000 arrazoi berri baino gehiago dugu ausardiaz jokatzeko eta testuinguru sozial eta klimatikoari, auzolanean, tamainako pausuz erantzuten saiatzeko.

Urtetik urtera handiagoa da Errigoraren komunitatearen dirdira. Baina ez gero eta gehiago garelako soilik, baizik eta urtetik urtera kitzikagarriagoa delako gure ekoizleen adorea, gure boluntarioen kemena eta gure kontsumitzaileen konpromisoa. Biba gu!

Honezkero, ekoizleak hasiak dira herri bakoitzeko plazara helduko diren kutxa eta bidoi palet-ak prestatzen, auzolanean, bakoitzaren eta besteen produktuekin osatzen baitira. Eta apirilaren 20tik aurrera, auzolanean berriro, herriz-herri helduko dira kamioiak tokian tokiko boluntarioek jaso eta  konkontsumitzailen eskuetarainoko azken entregak antolatzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!