Itzulia igarota, hiru kirol hitzordu nagusi datozen asteetan

Aiurri 2023ko api. 8a, 08:44

Itzulia eta gero, Zizurkilgo Duatloia, Triku Harri mendi lasterketa eta Lasterbidean lasterketa iragarrita daude Aiztondo bailaran.

Aurreko egunetan Itzuliaz eta goi mailako kirolaz gozatzeko aukera izan dugu. Datozen asteotan maila handiko probak iragarrita daude, eta bertan eskualdeko kirolariak ekinean ariko dira.


Apirilak 22 | Zizurkilgo Duatloia

Euskadiko txapelketaren baitan, Sprint izaerakoa izango da. Hor bai, federatuek eta federatugabekoek parte hartu ahal izango dute. Izen-ematea zabalik dago Rock the sport webgune ezagunean. Joxe Arregi plazatik abiatuko dira, arratsaldean. Bertan egingo da korrika saioaren eta bizzzikleta probaren arteko trantsizioa. Eskualdeko kirolari ugari lehian ikusteko aukera.

Maiatzak 20 | Triku Harri mendi lasterketa

Proba bakarra, baina bi ibilbide aukeran: 20 eta 30 kilometrokoa, hurrenez hurren. Goizeko lehen orduan abiatuko da Villabonatik eta inguruko mendialdean barrena ibiliko dira lasterkariak. Zegama-Aizkorri igarota, hurrengo asteburuan izango da. Hangoan dortsalik gabe geratu denak, parte har dezake honakoan. Izen-ematea zabalik dago Rockthesport.com webgunean.

Ekainak 3 | Lasterbidean

Nazio Elkartasun Lasterketa, halaxe aurkeztu dute kirol proba: "Lasterbidean 2023 martxan da! Aurten Gipuzkoa aldera goaz. Amasa-Villabonara! Gorde data eta hasi entrenatzen! Laster info gehiago webgunean eta sare sozialetan! Laster bidean, laster etxean!". Aurreko edizioetan Oiartzunen, Oñatin, Kanpezun edota Berriozarren antolatu izan da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!