Martxan da Saharako haurrak udan Euskal Herrira ekartzeko ekimena

Aiurri 2023ko api. 9a, 09:58

Artxiboko irudia.

"Oporrak bakean" egitasmoaren bitartez, haur horiek uda basamortutik eta errefuxiatu kanpamentuetatik kanpo pasatzeko aukera dute. Saharako 300 haurrei harrera egingo duten familiak behar dira Euskal Herrian.  

Harrera honen arrazoiak hurrengoak dira:

  • Haurrak basamortuko udako baldintza gogorretatik aldentzea.
  • Haurren osasuna hobetu elikadura orekatu baten bitartez.
  • Oinarrizko osasun azterketak egin.
  • Haur sahararrek kanpamentuetakoa ez den beste errealitate bat ezagutzea.
  • Mendebaldeko Sahara eta Herri Sahararraren egoeraren bueltan euskal herritarrak sentsibilizatu.
  • Gizarte sahararra eta gizarte euskaldunaren arteko harremana sustatu.

Informazio osoa Oporrak bakean webgunean aurki daiteke.

Sentsibilizazio lana Andoainen

Andoainen eta eskualde osoan sentsibilizazio lan handia egiten da. Andoainen, esaterako. Hurria-Sahara elkarteak bertso saioa antolatu ohi du urtero. Sahara, nola ez, hizpide dute.

Colina eta Arzallus, Sahararen aldeko bi boluntario

Gaia: "Sahararen aldeko ekintza solidiario ugari egiten dira herri askotan. Datorren martxoaren 28an, “Ellas por el Sahara” musika jaialdian Madrilen egingo da. Zuek bertan lanean ari diren bi solidario zarete, eta jakin nahi dugu ea nola bizitzen den antolakuntza barnetik".

Sustrai Colina:

Elkartasunak beti asmatzen du

nola borobildu ertzak.

Igurtzia ta auzolana du

bere biziko legetzak.

Saiatzen gara argi daitezen

urrutiko gaba beltzak,

baina ez dakit egiten dugun

guretzat ala eurentzat.

 

Amets Arzallus:

Gu kausa batek gauzka loturik

zoritxarraren zortean.

Eta Marokok horra zer herri

dadukan bere nortean.

Sala ditzagun errudun oro,

jar ditzagun fokopean,

gatazka ez dadin antzia izan

festaren mozorropean.

 

Sustrai Colina:

Saiatzen gara baina badakit

neure kabuz zer nezaken.

Jaialdi batek atzean dauzka

asmo adina azalpen.

Ta bitartean Saharan ez al

dugu guztia jazarpen.

Inondik ez da ezer entzuten,

ta inork ez du deus esaten.

 

Amets Arzallus:

Ixiltasunak agian geuri

egiten digu mesede.

Espainia zen len honen parte

eta haztea du xede.

Europak eta Amerikak e

toki hortan ze botere.

Pentsatzen nago Maroko 

ezten

beste guztien titere.

 

Sustrai Colina:

Edo aspaldi utzi al dion

titere izateari.,

mundu honetan inor ez baita

soilik besterentzat ari.

Nahiz ta indarra ematen zaion

herrien presioari,

ez ote zaio gehiago beitzen

gasaren presioari?

 

Amets Arzallus:

Ta gasa honuntza Aljeriatik

iristen da azkenean.

Ta Aljeria eta Maroko

elkarren aldamenean.

Eta Sahara mundu hontako

desertu zabalenean.

Baina desertu zabalagoak

Europaren barrenean.

 

Sustrai Colina:

Munduak dira desertu eta

desertuak dira mundu.

Txikiak beti asmatu behar

du ondokoa lagundu.

Bere aldapak bigundu eta

bere arantzak leundu.

Erakundeek ez dute egingo

guk egiten ez badugu.

 

Amets Arzallus:

Ta erakundek zer diote, ba,

nork hartzen die usaia.

Gatazka batek gorritzen badu

ingurutako paisaia.

Armen kontrako kondena oro

nondik eta hemendik saia.

Andoainek ere ikutzen baitu

armamentuaren gaia.

 

Martinen azken agurra

Azken agurreko tartean, hona Alaia Martinek kantatu zuen azken bertsoa:

Mila esker entzule
saioren zati,
gure algara kide 
edo muxu zapi.
Ze planeta nahi dugun
aurre erabaki.
Ilargian gabiltza, 
beraz, batek daki.
Jarraitu ahoz aho,
lubakiz lubaki,
mikrofonoak jartzen
lur ixildu bati.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!