Adimen artifiziala eta puntuaketa eredu berria "Erremontari" saioaren hirugarren edizioan

Aiurri 2023ko api. 13a, 15:25

Adimen artifizialarekin sortutako "Erremontari" pertsonaiak gidatuko du izen bereko saioaren hirugarren edizioa. Sei bikote izango dira lehian XIII. Sagardoaren Txapelketan, datorren astelehenean hasi eta ekainaren 12ra bitartean. Saioaren ikur bihurtu nahi du antolatzaile taldeak pertsonaia birtuala; hala, asteroko gertuko jarraipena emango die norgehiagokei, gidari lanak egiteko asmoz, datuak, laburpenak eta emaitzak emanez. Horrez gain, nobedadeak izango dira ere norgehiakoak neurtzeko irizpideetan.

Dena dela, ohiturak agindu bezala, erremontista-bikote bakoitzak sagardotegi baten izenean jokatuko du. 

  • Alorrenea: Urriza-Martirena
  • Oialume Zar: Goikoetxea V-Barrenetxea IV
  • Petritegi: Aldabe-Azpiroz
  • Bereziartua: Segurola-Juanenea
  • Aburuza: Ansa II-Zaldua
  • Gurutzeta: Ezkurra II-Zubiri 

Berrikuntzak lehian

"Erremontari" pertsonaia ez da berrikuntza bakarra. Izan ere, set formatuan jokatuko dira neurketak: 15 puntuko bi set izango dira, lehenik, eta, berdinketa izanez gero, 5 puntuko hirugarren set baten ostean erabakiko da norgehiagokako bikote irabazlea. 

  • Partida bi setetan irabazita (2-0): 4 puntu.
  • Partida hirugarren setean irabazita (2-1): 3 puntu.
  • Partida hirugarren setean irabazita (1-2): 1 puntu.
  • Partida bi setetan galduta (0-2): 0 puntu.
  • Partida bi setetan galtzeaz gain, bi partiden artean 16 tanto egitea lortzen ez bada (0-2): -1 puntu.

Txapelketaren ibilbidea

Zazpi partidez osatutako ligaxkak emango dio hasiera txapelketari, guztiak guztien aurka ariko diren lehian: apirilaren 17an eta 24an eta maiatzaren 1ean, 8an, 22an eta 29an. Hori horrela, lehen lau postuak eskuratutako bikoteek finalerdietara egingo dute jauzi, ekainaren 5ean jardunaldi bakarrean egingo den neurketan; puntuazio gehien lortu duen bikoteak laugarrenaren aurka jokatuko du. Aldiz, bigarren postua eskuratutako bikoteak hirugarrenaren aurka ariko da. 

Azkenik, ekainaren 12an izango da ia hiru hilabete hartuko dituen txapelketako final handia. Gertuko jarraipena egingo du ETB1 kateak, eta astelehenero-astelehenero, txapelketa ikusteko aukera izango da, 22:30etik aurrera. 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!