1923 Euskalduna 2023

Euripean izan bazen ere, futbola nagusitu zen Ubitarte zelaian

Aiurri 2023ko api. 17a, 13:04

Egun euritsua izan zen, larunbatekoa. Baina ez zuten etsi eta Huici memoriala bere osotasunean ospatu zen. Alebin mailako txapelketan haunbat talde gonbidatu zituen Euskaldunak, tartean Urnieta eta Billabona futbol taldeak. Nesketan Zarautz gailendu zen, eta mutiletan Euskalduna.

Hamasei talde lehian, alebin mailan, eta jendetza harmailatan. Futbol ospakizuna izan zen, garai batean garrantzia handikoa izan zen Joxan Huici Euskaldunako lehendakariaren omenez egiten dena.

20 minutuko partidatan, ligaxka egin zuten goizean. Eta, arratsaldean, buruz burukoak. Txapelketa amaituta, nesketan Zarautz gailendu zen Goierri Gorriren aurkako finalean. Eta, mutiletan, Euskaldunak Touring garaitu zuen.

Sari banaketa ekitaldiarekin amaitu zen ospakizuna. Huiciren etxekoak eskertuta agertu ziren, eta Euskaldunako kideak lan ondo egin izanaren pozarekin.
 

Eskertza

Egun osoko txapelketa antolatzeko lagun askoren beharra izaten da. Euskaldunak guraso, taldekide eta klubeko partaide askoren laguntza izan zuen. Txapelketa amaituta, haien guztien lana eskertu zuten: "Eguna antolatzen lagundu diguzuen guzti-guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu. Mahaiak jarri, paella egin, bazkaria banatu, mahaiak jaso, Ondarreta garbitu, tabernariak, epaileak, Ubitarten laguntzen... Gora Euskalduna, eeu!!!".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!