Zumeatarrako partaideak Duatloian

Mikel Arberas 2023ko api. 22a, 08:35

Iker Alkain eta Maria Rengel Zizurkilgo Duatloian izango dira.


Nolatan hasi zarete duatloian parte hartzen?

Iker Alkain: Nire kasuan, iaz hasi nintzen duatloian lehiatzen. Duela ez asko, kuadrillako batekin lagunarteko apustua egin nuen, eta, horren ostean, gehiago entrenatzeko eta lehiatzeko gogoa sortu zitzaidan. Horiek horrela, eta Instagramean Zumeatarrak igotako argitalpen bat ikusita, izena ematea erabaki nuen, gaur arte. 

Maria Rengel: Ez daramat denbora asko mundu honetan sartuta. Nire bikotea kirolzale amorratua da eta, sarritan, joan izan naiz bera ikustera. Egun horietako batean, duatloi batean parte hartu behar genuela esan nion, baina ez genuen pauso hori ematea lortzen. Azkenean, Andoainera bizitzera etorri, Zumeatarra taldean fitxa egin eta parte hartzeko erabakia hartu nuen.

Nola aurreikusten duzue Zizurkilgo duatloia? 

I.A.: Gogorra. Ongi ezagutzen dut lasterketa, iazko edizioan parte hartu nuelako. Korrikako zatia nahiko gogorra eta aldapatsua da, baina, era berean, oso polita. Motibazio handia da inguruan lagunak eta senitartekoak animatzen egotea.

M.R.: Gogorra izango dela pentsatzen dut. Ibilbide gutxi gorabehera ezagutzen dugu eta ez da erraza izango. Hala ere, Ikerrek esan bezala, gertuko jendea bertan egoteak indarra ematen dizu. Gainera, Zumeatarra taldeko zortzi kidek parte hartuko dugu, oraingoz, lasterketan.

Nola moldatzen zarete hobeto, bizikletan ala korrika?

I.A.: Bizikletan.

M.R.: Bietan antzeko moldatzen naiz, baina bizikletan esango nuke.

Zenbatetan entrenatzen duzue?

I.A.: Astean bost edo sei egunetan entrenatzen dut, astearen, eguraldiaren eta gogoaren arabera. Ahal bezain beste entrenatzen saiatzen naiz.

M.R.: Bost edo sei aldiz entrenatzen ahalegintzen naiz. Azken finean, lasterketa batean parte hartzen duzunean ohartzen zara prestaketa saioak egitea zein garrantzitsua den. Ezinbestekoa da maila eta forma fisikoa mantentzea, sasoiko iristeko.

Zein helburu duzue duatloiari begira?

I.A.: Duatloia amaitzea. Iazko marka pertsonala hobetzea ederra lizateke.

M.R.: Nire helburu nagusia lasterketa amaitzea da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!