Aiztondo bailarako hautagaiak aurkeztu ditu EAJ-PNVk, Tolosan egin duten ekitaldian

Jon Ander Ubeda 2023ko api. 22a, 19:32
Mendoza, Asteasuko alkategai EgaƱa, Tejeria, Villabonako alkategai Urdangarin eta Zizurkilgo hautagai Zelaia.

Iñigo Urkullu Lehendakaria Tolosaldeko hautagaiengana hurbildu da, gaurkoan. Eta harekin batera izan dira Eider Mendoza Ahaldun Nagusirako hautagaia eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria. Asteasuko, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo alkategaiak bertan izan dira.

Aiztondoko hautagaiak

  • Aitziber Egaña Callejo, Asteasuko alkategaia.
  • Eneko Urdangarin Eizagirre, Amasa-Villabonako alkategaia
  • Marije Zelaia Egiguren, Zizurkilgo alkategaia. 

Hirurak ere lehen aldiz aurkezten dira zerrendaburu modura. Eneko Urdangarin 2015-2019 urteetan Amasa-Villabonako Gobernu taldean aritu zen lanean zinegotzi modura, agintaldi hartan jeltzaleena izan baitzen alkatetza.

Mendoza Ahaldun Nagusi izateko hautagaiak bere hitzaldian, Gipuzkoak dituen indarguneak aipatu ditu, baina gogoratuz agertokian badirela hainbat zailtasun, eta gipuzkoarrek badituztela zenbait kezka etorkizunaren inguruan. Errealitate honen aurrean, bi aukera daudela esan du: “Pankartak, pintadak eta ez-aren plataformetan gelditu; edota arazoei aurre egin, eta konponbideak bilatu. Eusko Alderdi Jeltzalearen hautua bigarrengoa da, hala izan da gure ibilbide politiko guztian zehar”, adierazi du hautagai jeltzaleak. Mendozaren ustetan, EAJ-PNVk akatsak ere egingo zituen bere ibilbidean zehar, “baina besteak barrikadetan zeuden bitartean, Eusko Alderdi Jeltzalea herria egiten aritu da. Guk etxeari eutsi diogu”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!