Arantxa Urretabizkaia Bejaranok irabazi du 111 Akademia Saria, "Azken Etxea" eleberriarekin

Aiurri 2023ko api. 25a, 13:13

Iturria: 111 Akademia

Arantxa Urretabizkaia Bejaranok eskuratu du 2022. urteko 111 Akademia Saria, izan ere, akademiakideek Urretabizkaiaren "Azken etxea" eleberria izendatu dute libururik gogokoen.

Orotara, 114 akademiakidek hartu dute parte 2022ko sariduna izendatzeko 2023ko urtarrila eta apirila bitartean burututako hiru bozketa-txandetan. Urretabizkaiaren lanak Anjel Lertxundiren "Desertuan behatxuloa" saiakera izan du lehiakide azken bueltan. Gauzak horrela, 111 Akademiak jendaurreko sari-emate ekitaldia egiteko asmoa du ekaineko bigarren astean.

Egileak hasieratik aurkeztu dizkio irakurleari oinarrizko pertsonaiak eta protagonista: azken etxea erostea erabaki duen emakumea. Baina narrazioak aurrera egin ahala, idazleak zenbait errezel, bata bestearen ondotik, biltzen ditu ezusteko ikuspena agerian utziz, irakurleari jakinmina pizturik eustea erdietsiz, protagonistaren inguruan misterio gandu bat hedatuz eta haren jomuga azalduz. Elkarrizketarik gabeko kontakizuna osatu du idazleak, baina horrek ez dio irakurleari trabarik egingo narrazioaz gozatzen, egilearen maisutasunari esker.

Sinopsia

Azken etxearen bila dabil protagonista, bizitzaren azken arnasaldiaren bila, azken babes-lekuaren bila. Hendaia aldeko etxe bat begiz jo, eta harekin tematu da. Ez du bizimodu arrunta izan, eta ez dira arruntak izango azken etxe hori lortzeko egingo dituen ahaleginak. Tema horretan iraganeko mamuak, adiskideak eta hautuak orainaldikoekin korapilatuko dira, elkar zelatatuko duten auzokideen giroan. «Bukatu dute zopa kaskamotzak esaten duenean ez duela ulertzen bizitza luzatzeko irrika hori, irautea helburu bakar izatea. Beste isilune bat dator segidan. Kaskagorriak esaten dio irautea bizitzea dela, iraun nahi duenak bizi nahi duela eta horrek ez duela ezer txarrik, berak luzaroan bizi nahi duela. Beltzez jantzitako emakumeak zertarako galdetzen dionean, ordea, ez du erantzunik. Eten luze baten ondoren, ahotsa harroturik erantzuten du. Bizitzeko, besterik gabe, bizitzeko.»

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!