[Postontzia]

Larunbat honetan hitzordua dugu Tolosan

TOPA 2023ko mai. 4a, 08:01

Sarritan defendatu dugu, eta, halaxe jakinarazi alderdi politikoei, Tolosaldeko osasun arreta hobeto defendatuko litzatekeela lehia politikotik aterata.

Izan ere, joera guztietako jendeari eragiten dio, denoi eragiten digu, eta alderdi politiko guztiek norantza berean egiten badute arraun, errazagoa izango da EAEko gainerako eskualdeek bezalako arreta jasotzea gurean ere.

Alderdi politiko guztiekin bildu nahi izan dugu gure osasungintzaren egoerari buruz aritzeko, eta balorazio bat egingo dizuegu orain Tolosaldean ordezkaritza duten alderdiekin izandako bilerek eman dutenarekin. PNV, EH.Bildu, Podemos eta PSErekin egon gara, eta jakin nahi izan dugu zertara konprometitzen ote den bakoitza Tolosaldeko osasungintza dela-eta.

Udal gobernuaren ardura duen EAJn hauxe aurkitu dugu: obskurantismoa eta informazio eta gardentasun eza, ez baitzaie ez herritarrei, ez gizarte mugimenduei inolako informaziorik ematen. Ez dute erantzun bakar bat ere jaso gure galdera hauek: Zer zerbitzu eman behar ditu gure ospitale berriak? Hura egin bitartean Donostia ospitalera edo hango espezialistengana joaterik izango al dugu? Zer gertatuko da klinikarekin eta bere langileekin? Handitzen utzi behar al diote Tolosaldearekin duten zor historikoari (250 milioi eurotik gorakoa)?...

EAJrekin izandako bileratik lortu duguna izan da benetako konpromisoekiko erabateko ezezkoa, promes hutsalak, behin hauteskundeak pasa eta gero haizeak eramango dituenak, aurreko udal hauteskundeetan gertatu bezala.

Bestalde, TOPAk positibotzat jotzen du EH BILDU eta Podemosek egin duten lana, bai Legebiltzarrean, bai Lakuako bileretan, Tolosaldeak ospitale publiko bat behar duela azaleratzeko eta hura defendatzeko. Nolanahi ere, faltan botatzen dugu Tolosaldeko herrietako alkate eta zinegotziak borroka honetan gehiago sartu edo inplikatu ez izana, eta honen bidez eskatzen diegu lagun dezatela maiatzaren 6ko manifestaziorako deialdia zabaltzen.

PSEri dagokionez, hasieran baiezkoa adierazi bazuen ere, uko egin zion gero gurekin biltzeari, eta alegatu zuen bileran hitz egindakoa prentsan agertzekoa bazen, guk defendatu bezala, ez zutela horrelakorik nahi. PSEn kontraesana ikusten dugu ikusita zer esaten duten hauteskunde programan eta zer bozkatzen duten gero osoko bilkuretan: ez omen dute onartuko guri bigarren mailako arretarik ematerik; klinikarekin sinatuta dagoen hitzarmena bete behar dela; askotan eskatu omen dute plan funtzionala… baina gai horiek defendatzeko aukera dutenean, nola udaletxeetan, hala Legebiltzarrean, publikoan esaten duten horren aurka bozkatzen dute.

Ondorioztapen moduan hauxe diogu: ez dugu beste aukera bat galdu nahi, ez dugu egoera hau behin betiko eta berehalako konponbide bat eman gabe utzi nahi, izan ere, 12 urte daramatzagu dagoeneko eta egunetik egunera okerragora doa.

Horregatik, dei egiten dizuegu manifestazio batera, orain 25 urte kalea hartu zuen manifestazio haren antzeko batera, eta nahiko genuke bateratua izatea, bultza dezatela manifestazio hau alderdi politiko guztiek, udal guztiek, sindikatu guztiek, gizarte mugimendu guztiek eta herritarrek orokorrean, eta mundu guztia atera dadila kalera, joera batekoa izan edo bestekoa izan, egoera tamalgarri bat jasaten ari garen herritarrak garen aldetik:

 

“Tolosaldeko osasungintza larrialdian, irtenbidea orain”

Manifestazioa: maiatzak 6, larunbata.
12:30. Tolosa, Triangulotik abiatuta.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!