Elkarteratze jendetsua Zizurkil eta Villabonan, eraso homofobo eta arrazista salatzeko

Aiurri 2023ko mai. 17a, 12:58

Amasa-Villabonako Udalak eta Zizurkilgo Udalak deituta jende andana bildu da, bi herriak batzen dituen oinezkoen zubian. Aiztondoko mugimendu feministak ere deialdiarekin bat egin du. 

Herritarrek, alderdi politikoek eta instituzioek irmoki salatu dute Yeissonek, Brayanek eta Carlak, larunbat gauean, Onddo Rock jaialdiaren ostean, jasandako eraso homofobo eta arrazista. 12:00etan egin da elkarretaratzea eta bertaratutakoen babes osoa jaso dute erasotuei. Bertan izan dira, besteak beste, Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea, Iker Urruzola Zizurkilgo alkatea, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria eta beste hainbat politikari.

Biktimek adierazi dute, tabernatik atera ostean, hamabost gazte inguru jazartzen hasi zitzaizkiela, beraz, aldetzen saiatu zirela; bietako baten senitartekoari ukabilkada bat eman ziotenean, emakumea laguntzera joan ziren, eta, orduan, hasi zen erasoa. Polizia bertaratu zenean gelditu zen jazarpena.

Udalek irakurritako komunikatua: 

Bihar, maiatzak 17, LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko eguna dugu.

Zizurkil eta Villabonako Udalok aniztasunaren aldeko aldarria egin nahi dugu, ozen eta garbi. Herri anitza nahi dugu, non edozein lasai eta seguru bizi ahal izango den. Non bakoitzaren aukerak eta izaerek herria aberasten duten.

Egun hau baliatu nahi dugu inongo eraso homofoborik ez dugula onartzen esateko ere. Alkohola ez da aitzakia, eztabaidak ezin dira indarkeriarekin konpondu eta are gutxiago irain homofoboekin. Bestelako jendarte eredu bat nahi dugu. Horregatik, asteburuan gure herrietan gertatutakoa irmo
salatu nahi dugu.

Zizurkilgo eta Villabonako Udalok lanean jarraituko dugu homofobiaren, xenofobiaren eta matxismoaren aurka. Gure herritarrak, jatorria eta sexu orientazioa edozein izanda ere, askatasunean bizitzea nahi dugu.

Hau guztia dela eta, bihar maiatzak 17, elkarretaratzea deitzen dugu Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Udalok, eguerdiko 12:00etan, bi herriak batzen dituen oinezkoen zubian. Bertan parte hartzera gonbidatzen ditugu herri- tarrak.

Bukatzeko, atzo Orioko herrian gertatutako erahilketa matxista irmo eta ozen salatu nahi dugu. Berriz esango dugu, heteropatriarkatuak jarritako arauez aske diren herri libreak nahi ditugu. Mila esker bertaratu zareten guztiei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!